Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Udalak bere egin ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Uemak, udaletako ordezkariek komunikabideekin euskara erabili dezaten zehaztu dituen irizpideak. Gainera, beste administrazioei eskatu die Orioko Udalarekin dituzten harreman eta komunikazioak euskara hutsean izatea. Bi erabakiak euskararen normalkuntza lortzeko udala ematen ari den urratsen artean kokatu ditu Jon Agirresarobe (Orio, 1983) Euskara zinegotziak.
Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diezue zuengana euskara hutsean zuzentzeko. Zergatik?
Udalak erabaki du bere egunerokoan euskara bakarrik erabiltzea. Geure buruari esan genion lan hizkuntza euskara zela eta udaleko sail gehienetan gauzatzen da hori. Orain beste administrazioei guk eman dugun pausoa emateko eskatu diegu, baina hortik aurrera haien araberakoa da guregana zuzentzeko aukeratzen duten hizkuntza.
Errespetatzen al dute zuen eskaera?
Administrazio batzuk horretan ari dira, baina alde handia dago sail batetik bestera. Departamentu batzuei gehiago ari zaie kostatzen urratsa ematea. Instituzio bakoitzaren etxekolana da barne departamentu bakoitzak euskaraz funtzionatu dezala ziurtatzea.
Zein testuingurutan kokatzen da erabaki hau?
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak erabakia orain hartu du, baina udalerri batzuk pausoa lehenago eman genuen. Orioko Udalean, erabaki horren aitzindaria iaz onartu genuen Euskararen Erabilera Plana da. Bertan zehaztu genuen Orioko Udaleko lanerako hizkuntza euskara izango zela eta, horretarako, beste administrazioei ere harremanak euskaraz izateko eskatuko zitzaiela.
Eta komunikabideekin ere euskaraz bakarrik jardungo duzue hemendik aurrera.
Komunikabideen kasuan ere euskarak lehentasuna izango du. Udaleko ordezkariok lehenbizi euskaraz hitz egingo dugu, baina horrek ez du esan nahi norbaitek azalpenak gaztelaniaz eskatzen badizkigu emango ez ditugunik. Gainera, gure inguruko komunikabide guztietako kazetariek euskaraz egiten dute; beraz, ez dugu arazorik izan. Esan behar da, lehen ere udalak ematen zituen prentsaurreko gehienak euskaraz egiten zirela.
Herritarrei dagokienez, zein izango da udalaren jarrera?
Guk egiten ditugun komunikazio guztiak euskaraz egiten ditugu. Gero, herritarren batek informazioa gaztelaniaz eskatzen badigu, itzuli egiten da eta informazioa eskatu duen hizkuntzan ematen zaio. Herritarrak berak aukeratzen du zein hizkuntzatan jardun. Hasiera batean, euskaraz egingo diegu, baina beste hizkuntza batean egiteko eskatzen badigute, euren eskubidea da informazioa eskatutako hizkuntzan jasotzea.
Zein da euskararen egoera Orion?
Orion euskara erabiltzen dute haurretan %90ak, gazteetan %87ak eta helduetan %50ak. Oriotarrak oro har bi hizkuntzak menderatzen ditu, baina egunerokoan bat ala bestea erabiltzen du. Azken urteetan euskararen ezagueran zentratu gara, eta lorpenak asko izan dira. Hala ere, helduen kasuan oriotarren solasaldien erdiak gaztelaniaz izaten dira. Hori aldatzeko jarri genuen martxan Euskaraz Bizi-Bizi programa duela bi urte, eta udazkenerako ere hainbat jardunaldi antolatu ditugu. Gure asmoa euskal hiztun kontzienteak sortzea da.
Euskararen Plan Estraregikoaren lehen zirriborroa ere aurkeztu duzue, ezta?
Euskararen Plan Estrategikoan herritarren ekarpenak jasotzeko bi deialdi egin ditugu urrian, eta hor zehaztu dira hurrengo lau urterako erronkak. Euskara teknikariak diagnostiko bat egin du, eta herritarrek diagnostiko hori osatu dute eta elkarlanean posible diren hobekuntzak planteatu ditugu. Azaroko plenoan onartuko da plana, eta herrian euskararen normalizazioan eman beharreko pausoak zehaztu ditugu bertan. Euskararen Plan Estrategikoa udalak zuzendu du Eusko Jaurlaritzak zehaztutako ildoa kontuan hartuta; izan ere, Eusko Jaurlaritzak berak planteatzen du plan estrategiko hori zein baldintzatan egin behar den.
Zein dira planaren helburuak?
Euskararen Plan Estrategikoaren lehentasunak dira euskal hiztunen kontzientziazioan eragitea, euskara ikasteko aukerak hobetzea eta esparru jakin batzuei jarraipen handiagoa egitea; besteak beste, kirol jarduerei eta merkataritzari. Gainera, indartu egin nahi ditugu orain arte egin ditugun hainbat programa.
Herritarren hizkuntza kontzientzian eragiteari garrantzia nabarmena eman diozue.
Bai, kontzientzian eragiteko programa berriak aurkeztuko ditugu Euskaraz Bizi-Biziren barruan. Herritarren hizkuntza ideologiari helduko diogu. Hizkuntzaren ideologia ez da asko landu azken urteetan. Errepresio garaian asko landu zen hizkuntza ideologia hau, orain, ordea, euskaraz hitz egiteko aukera daukagu, eta alde batera utzi da. Hilda dagoen ideologia piztea da erronka eta, ildo horretatik, asmatzea oso zaila da, gizartea ere asko aldatu delako. Mekanismo berrien bila gabiltza. Ez gu bakarrik; Uemako beste herri asko ere horretan ari dira.