Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Udalak salatu duenez, Jaurlaritza ez da ari bere ardura betetzen. Krisi ekonomikoak eta iraupen luzeko langabeziak, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eskaera kopurua "nabarmen" handitu duela dio udalak: "Inoiz baino garrantzitsuagoa da herritarrei laguntza hauek bermatzea, herritarrak behar eta larritasun egoera ugari bizitzen ari direlako".
Udalak "kezkatuta" dagoela aitortu du, Jaurlaritzak udalari emandako dirua agortu egin delako: "Ekainean agortu zen diru saila eta ez dugu baliabide berririk jaso. Udalak ezin du beste aldera begiratu eta horregatik Jaurlaritzari azpeitiarrak laguntzen jarraitzeko eskatu nahi diogu, duen aduragatik eta beharrezko baliabideak Azpeitiko Udalera bideratzeko".
Uneko premiei aurre egiteko diru laguntzak dira, eta udalak azaldu du Eusko Jaurlaritzaren esku daudela. Horregatik, laguntza eskaeren finantzaketa Jaurlaritzaren menpe dagoela azpimarratu du. Gizarte Larrialdietarako diru laguntzak, Jaurlaritzak ematen dituen irizpideen eta kopuruaren arabera banatzen dira.