Zarauzko eskubaloia omentzeko eta ospatzeko

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 11

Mende erdia bete du aurten Zarauzko eskubaloiak, eta urteurren borobila ospatzeko egitarau zabala antolatu du horretarako propio sortutako batzordeak. Izan ere,  50 urte horiek «ez dira alferrik pasatu». Inhar Agirrezabalen araberan,«eskubaloian jokatzeko grinak» batu zuen lagun talde batek sortutako elkarte gisa jaio zen, eta egun 300 lizentziatik gora eta 31 talde dituen elkartea da. «Herrian oso errotuta dagoen eta herritik eta herriarentzat den kirol hori» omendu eta ospatzeko ospakizun ugari egingo dituzte datorren urtera bitartean. Larunbatean izango da lehenbiziko ekitaldia. Bi partida jokatuko dituzte kiroldegian, bata emakumezkoen mailakoa eta bestea gizonezkoen mailakoa. Aiala Zarautz taldeko emakumezkoak San Adrianen kontra ariko dira, 17:00etan eta 19:30ean derbya jokatuko dute Amenabarrekoek Bidasoaren aurka. Eskubaloi arloan lanean jardun dutenak omenduko dituzte partida eta partida tartean, 18:45ak aldera. Urtarrilaren 10ean, arratsaldean Euskadiko Selekzioak Txilekoaren kontra jokatuko du Zarautzen. Selekzio horrek Qatarren jokatuko du urte hasieran, eta bidaia aprobetxatuz, udalerrian egingo du geldialdia. Goizean, berriz, cleanning edo ikastaro tekniok bat eskainiko du Xesco Esparrek, FC Barcelona taldeko jokalari eta entrenatzaile ohia. Argazki erakusketa Otsailean zehar Merkatu plazan  Zarauzko eskubaloiaren 50 urteko ibilbidea erakutsiko dute askotariko argazki eta bideoen bidez.  Erakusketa hori osatu ahal izateko herritarren laguntza eskatu dute batzordeko kideek. 100 irudi biltzeko asmoa  dute , eta zarauztarrei etxean izan ditzaketen argazkiak eskatu dizkiete. Herritarrek eskuratzen dituzten argazkiak eskubaloiak50@gmail.com helbidera bidali ditzakete. Argazki «esanguratsuak» lortu nahi dituzte, eta ez helduen mailakoak soilik, maila guztiak islatu nahi dituzte erakusketan. Horrez gain, beste 200 irudi bildu nahi dituzte 50. urteurrenaren harira prestatzen ari diren liburua osatzeko.  Urtarrilan 31ean inauguratuko dute erakusketa eta martxoaren 1era arte izango da ikusgai. Martxoan Babesleen Eguna ospatuko dute, haiek eskubaloiari emandako laguntza aitortzeko eta omentzeko. Bestalde, apirilaren 10ean Bertso Jaialdia egiteko asmoa dute. Garagardo Azokarako Munoa plazan jarri ohi duten karpa aprobetxatuz egingo dute. Aurreratu dute Andoni Egañak hartuko duela parte, besteak beste. Eta ospakizunekin «euskaldunok bezala» amaitzeko, bazkari «mundiala» egingo dute ekainean. Irekia izango da hori, eta herritar orok hartu ahalko du parte. Halaber, asmoa dute Bera Beraren Europako Kopako partida bat Zarautzen antolatzeako, betiere taldea sailkatzen baldin bada. Informazio zabalagoa eskuratzeko Eskubaloi saileko webgunea bisita daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide