Zientzia (uh)oldea Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko azaroaren 11

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XIV. Asteak geldialdia egingo du gaur Zarautzen. Hiriburuetatik eta zentro teknologikoetatik atera, eta «askotan atzeraka ematen duten gaiak» herritarrei gerturatuko dizkie ZarautzOn elkarteak, AstearteOn zikloaren barruan. Gaur egingo dute Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatu ohi duen zikloko ekitaldi bat 19:00etan, Modelo aretoan: ZarautzenZientziazBlai. Horretarako, sei zientzialari gazte zarauztar gonbidatu dituzte, teknologia eta zientzia alorrean punta-puntako profesionalei protagonismoa emanez eta haien lana aitortuz. Asier Lizarriturri izango da protagonistetako bat. Industria automatizazioko ingeniaria da, eta gaur Kiro Oncology-z edo robot bidezko zain barneko tratamentuez ariko da. Nanozientziaren mundura sarreratxoa egingo du, bestalde, Mikel Abadia kimikari eta nanozientzian adituak. Harbil Arregi telekomunikazio ingeniariak, berriz, GIS teknologiaz eta garraioari eta mugikortasunari lotutako proiektuaz jardungo du, besteak beste. Biologia molekularrean eta biomedikuntzan doktore Haritz Irizarrek esklerosi anizkoitzaren inguruan egin berri duten biologia molekularreko azterketa azalduko du. Halaber, Lander Hidalgo ingeniari industrialak une honetan eraikitzen ari diren lasterketetarako auto elektrikoaren nondik norakoak emango ditu gaurko aurkezpenean. Eta azkenik, nanomaterialetan oinarritutako aurkezpena egingo du Jurgi Gonzalez Txabarri telekomunikazio ingeniariak. Internet bidez ere bai Hizlari bakoitzak hamar bat minutuko aurkezpena egingo du. 19:00etan hasiko dute ZarautzenZientziazBlai, Modelo aretoan, eta Felix Goñi biokimikan eta biologia molekularrean katedradunak emango dio ekimen horri «bukaera borobila». Ama! Zientzialaria izan nahi dut hitzaldia emango du horrek. 1999an Biofisika Unitatea (CSIC-UPV/EHU) sortu zuen, eta bertako zuzendaria da. Horrez gain, Espainiako Biofisika Elkarteko ohorezko kidea da, Argentinako Cordobako Unibertsitate Nazionaleko ohorezko irakaslea eta Ameriketako Estatu Batuetako Biofisika Elkarteko Nazioarteko Harremanetarako batzordeburua, beste hainbaten artean. Egun zelula-mintzetan gertatzen diren elkarrekintza molekularrak aztertzen ditu Goñik. Sei liburu argitaratu ditu, eta lau patente sortu beste kide batzurekin elkarlanean. Hainbat sari ere eskuratu ditu, besteak beste, Ikerketako Euskadi Saria 2002an eta lipidoen arloko Europako ikerketa onenaren Avanti saria, iaz. Herritarrak Modelo aretora gerturatzera animatu dituzte. Zientzia eta teknologia herritarrei hurbiltzeko asmoz, era berean, Zarauzko hainbat ikastetxerekin jarri dira harremanetan ZarautzOneko kideak. Izan ere, batxilergoko ikasleak bertaratzea nahi dute, elkarteko kideen arabera, eurak direlako dibulgazio saio horretako «hartzaile objektiboetako batzuk». Bertaratu ezin dutenek streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izango dute gaurko ekitaldia: zarautzon.nirestream.com webgunean sartuz gero ikusi  ahalko da ZarautzenZientziazBlai saioa, zuzenean. HARITZ_IRIZARHaritz Irizar (Biomedikuntzan doktorea): «Gaixotasunei erantzuteko informazio biologiko berria sortzea da gure helburua» Ikerlari postdoktorala da Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan. Biologiako lizentziatura lortu zuen lehenik, Biologia Molekularra eta Biomedikuntzako Masterra ondoren, eta Biologia Molekularra eta Biomedikuntzako doktoretza azkenik, guztia EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaurko aurkezpenean Biodonostian egiten den lanaz ariko da. Baita institutuak Donostiako Ospitalearekin eta Miramongo teknologia enpresekin duen loturaz ere, nahiz biomedikuntzaz eta esklerosi anizkoitzaren inguruan egin berri duten biologia molekularreko ikerketaz. «Biodonostia ikerketa zentroaren helburua da informazio biologiko berria sortzea ospitaletik datozen gaixotasunen inguruko galderei erantzuteko, ondoren informazio hori erabiliz eta Miramongo enpresa teknologikoekin elkarlanean, gaixoen diagnostikoa, tratamendua, monitorizazioa eta abar hobetzeko tresnak sortzeko». Biodonostiako ikerketa eremu nagusia biomedikuntza da, eta hainbat azpiatal ditu: biologia molekularra, biologia zelularra, biologia konputazionala, genetika, biokimika eta hauen guztien integrazioa egiteko sortu den sistemen biologia. «Gure ikerketa taldean, neurozientzietako eremuko esklerosi anizkoitzeko eremuan, batez ere erabiltzen ditugu biologia molekularretik, genetikatik eta sistemen biologiatik datozen herramientak eta kontzeptuak». Esate baterako, azken urteotan biomedikuntzan garrantzia handia hartzen ari diren RNA txiki ez-kodetzaileek gaixotasunean duten papera ikertu dute, sare-analisia izeneko hurbilketa metodologiko bat erabiliz. «Zientziaren garrantziaz eta zientzialari izateak esan nahi duenaz ariko naiz hitzaldiaren amaieran». Power point bidez aurkeztuko du Irizarrek gaia. MIKEL_ABADIAMikel Abadia (Kimikaria eta nanozientzian aditua): «Nanozientziaren mundura sarreratxo bat egiten saiatuko naiz aurkezpenean» «Nire doktoretzaren funtsa da nanometroaren eskalan etorkizunean teknologiaren ikuspuntutik interesa sor dezaketen material desberdinen propietate kimikoak nahiz fisikoak aztertzea». Iaz ekin zion doktoretza ikasketei, baina aurretik Nanozientzia masterra egin zuen 2013an, eta urte bat lehenago, 2012an, Kimikan lizentziatu zen. Aurkezpena 10 minutu ingurukoa izango denez, nabarmendu du ez diola denborarik emango laborategian egin ohi duten guztiaz hitz egiteko. Horregatik, «nanozientziaren mundura sarreratxo bat» egiten saiatuko da. «Lehenik eta behin, nanometro bat zer den azalduko dut, eta nanometroaren eskalan zer aurki dezakegun. Behin nano munduan zer gauza aurki ditzazkegun jakinik, gauza hauek nola ikusi, aztertu eta manipulatu ditzakegun erakusten saiatuko naiz». Hitzaldia arintze aldera, gaur egun nanomundura iristeko dauden punta-puntako mikroskopioen funtzionamenduak eta irudiak azalduko ditu. Era berean, power point baten bidez aurkeztuko du bere esparrua. JURGI_GONZALEZ_DE_CHAVARRIJurgi Gonzalez Txabarri (Telekomunikazio ingeniaria): «Ikerketa batzuen arabera, nanoteknologia izan daiteke krisitik atera gaitzakeena» Telekomunikazio ingeniaria da Jurgi Gonzalez Txabarri. 2010ean bukatu zituen ikasketak Tecnum-en, eta CEIT-IK4 ikerkuntza zentroan tesia egiten hasi zen. Orain ari da hori bukatzen. Bere helburua nanomaterialetan oinarritutako gas sentsoreak diseinatu, fabrikatu eta hauekin askotariko ikerketak egitea da. «Etxe barruetan, bulegoetan, erietxeetan… Azken finean leku itxietan airearen kalitatea neurtu eta kalitate ona bermatzeko». Nanomaterialen inguruan ariko da gaur. Lehenbizi nanomaterialak zer diren azalduko du. «Azkenean, kilometroetatik milimetroetara dagoen salto berbera dago milimetroetatik nanometroetara. Milimetroa baino milioi bat aldiz txikiagoa diren materialak dira». Material horiek gaur egun asko erabiltzen direla nabarmendu du Gonzalez Txabarrik. Materialen propietateak hobetzeko erabiltzen dira. «Adibidez, garai bateko kristal lodiko betaurrekoen efektu bera lortzen dugu betaurreko eta lentilla batzuekin, eta ondorioz, hauek ez dira hain erraz marratzen aurrekoak bezala, tratatuta daudelako». Horren inguruko aurkezpen praktiko bat egingo du, aztertuz material horren dimentsioa, gaur egungo erabilera eta etorkizuneko erabilera. «Ikerketa batzuen arabera, nanoteknologia izan daiteke une honetan bizi dugun krisi honetatik atera gaitzakeena, eta munduan zehar indar asko ari dira jartzen ikerkuntza gai honen inguruan». HARBIL_ARREGIHarbil Arregi (Telekomunikazio ingeniaria): «Izaera espaziala duten datuak nola tratatzen diren azalduko dut adibideekin» Donostiako Vicomtech-IK4 ikerketa zentroko ikerlaria da Arregi, eta Garraio Sistema Adimendunak ta Ingeniaritza sailean egiten du lan. Bilbon egin zituen Telekomunikazio ingeniaritza ikasketak.  Gaurko ekitaldian kontzeptu orokor batzuk azalduko ditu, bere ikerketa taldean  garraioari eta mugikortasunari lotutako proiektuetan lantzen dituztenak. Besteak beste, izaera espaziala duten datuak nola trata daitezkeen kontatuko du, eta ibilbide egokiak kalkulatzen agertzen diren askotariko arazoez. Horretarako, hainbat adibide erakutsiko du, «azalpen oso teorikoak alde batera utziz». Askotariko irudiak dituzten transparentzia batzuk baliatuko ditu, ideia orokor bat emate aldera. ASIER_LIZARRITURRIAsier Lizarriturri (Industria automatizazio ingeniaria): «Kiro Oncology produktua zer den azalduko dut, eta baita horren teknologia ere» Kiro Robotics enpresako ingeniaritza arduraduna da Lizarriturri. Mondragon Eskola Politeknikoan —gaur egun Mondragon Unibertsitatea— sistema elektronikoetan ingeniaritza teknikoa ikasi zuen. Behin hori bukatuta, ingeniaritzako ikasketak hobetu zituen Okzitaniako Tolosako UPS eta ENSEEIHT unibertsitateetan. Robotika eta ikusmen artifizialean espezializatu zen. Egun Kiro Robotics-eko produktuen diseinuaz eta ekoizpenaz arduratzen da. Aurkezpenean gisa horretako enpresa elektronikoak nondik sortzen diren azalduko du, eta baita Kiro Oncology produktua eta horrek erabiltzen duen teknologia zer diren ere. Kimioterapian baliatzen diren sendagai arriskutsuak automatikoki prestatzen dituen robota da hori. Aurkezpen «klasiko bat» egingo duela nabarmendu du, power point-eko diapositibez lagunduta. LANDER_HIDALGOLander Hidalgo (Ingeniari industriala): «Formula Student zer den eta azken lehiaketako lana erakutsiko dut, bideo batekin» Ingeniaritza industriala ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta egun ingeniaritza industrialeko masterra egiten ari da unibertsitate berean, Donostian. Tecnum Seed Racing taldeko kidea da; lau urte daramatza talde hortako partaide izaten. Talde horretako kideek denboraldiro autoak diseinatu, eraiki eta garatzen dituzte, gerora Formula Student nazioarteko txapelketan lehiatzeko. Txapelketa horretan munduko unibertsitate guztietako ikasleen gailuek hartzen dute parte. 1 Formulako zirkuituetan lehiatzen dira, besteak beste, Silverstonen, Hockenheimen eta Kataluniako zirkuituan. Egun auto elektriko bat lantzen ari da Hidalgo, bere taldekideekin batera, denboraldi berrira begira. Hain zuzen, hori aurkeztuko du ZarautzenZientziazBlai ekitaldian. «Helburua nire lana zertan oinarritzen den erakustea da, auto elektriko bat egitea, non hartzen dugun parte eta Formula Student delako lehiaketa zer den azaltzea», aditzera eman du Hidalgok. Power point -a baliatuko du horretarako. Amaitzeko, bideo bat jarriko du, azken lehiaketan egindako lanaren laburpena azaltzeko bertaratzen direnei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide