[caption id="attachment_116047" align="aligncenter" width="300"]

'Arrastoak' antzezlanean Iñigo Aranbarri azkoitiarra ari da aktore (Ainhoa Resano).[/caption]
Dejabu Panpin Laborategiak bere azken lana aurkeztuko du
larunbatean, 21:30ean, Azpeitiko Soreasu antzokian.
Arrastoak antzezlana eskainiko dute herrian egiten ari diren Antzerki Topaketan, eta «belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren isiltasunen inguruko kontakizuna» eramango dute oholtzara lau aktorek, tartean Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak.
Lur izeneko neska baten bidaia emozionala da
Arrastoak, eta denborarekin kontatzen diren «sentimenduez eta isiltasunez» hitz egiten du ikuskizunak, Aranbarrik adierazi duenez. «Garai bateko kontuek norberaren barruan izan dezakeen eragina azaltzea da antzezlanaren asmoetako bat». Lur protagonistaren amaren heriotzetik abiatzen da istorioa: «Lurrek ez du sekula bere amari buruzko galderarik egin. Arrastorik utzi gabe egin zuen alde etxetik bera txikia zenean. Ordutik bakarrik egin behar izan dio aurre bizitzari, etxean harrapatuta bizi den aita zainduz, erantzunak bilatzeko astirik gabe». Hala deskribatu du konpainiak lanaren haria. Bere ama ezustean hiltzen denean, galderak azalduko zaizkio neskari, eta denboran atzera egingo du, «memoriaren zulo ezkutuenetan galduta uste zituen sentimenduei eta munstroei aurre eginez». Arrastoei tiraka, bere ezkutuko beldurrak eta mamuak topatuko ditu. «Memoriaz, iraganeko gatazkek isildutako istorioez, belaunaldi ezberdinak lotzen dituzten hariez, galderak egitearen garrantziaz mintzo da
Arrastoak antzezlana. Galdera bat egiteko beharra delako lehen arrastoa», laburbildu du Dejabu Panpin Laborategiak.
Iraganeko gatazkak azalean
Aranbarrirekin batera, Urko Redondok, Miren Alkalak eta Ainara Gurrutxagak taularatuko dute antzezlana, eta bakoitzak hainbat pertsonaia haragiztatuko ditu; protagonistari barneko gatazka askatzen lagunduko dioten pertsonaiak dira. Eszenatoki soil batean, objektuen laguntzarekin kontatzen dute istorioa, eta hain zuzen, objektu horiek eta espazioaren erabilerak «garrantzia berezia» hartzen dutela azpimarratu du azkoitiarrak, publikoari irudimena landuarazteko asmoz.
Hain zuzen, taldearen irudimenetik sortutako antzezlana da larunbatekoa, ohikoa den bezala. Hasierako ideiatik amaierara, guztien artean egin dute Arrastoak, eta modu horretan lan egitea «pribilegioa» dela deritzo Aranbarrik. «Lan handia eskatzen du, baina asebetetzea ere halakoa da, guztia norberaren lanetik eta irudimenetik ateratakoa delako».
Hilaren hasieran estreinatu zuten antzezlana, Luhuson (Lapurdi), eta Azpeitikoa bigarren emanaldia izango da. «Publikoak beti eskertzen du zerbait berria denean, geu ere gustura geratu ginen erantzunarekin, baina gauza asko ditugu hobetzeko, estreinaldiak beti direlako estreinaldi». Lana publikoarekin gehiago partekatzeko gogoz dira, beraz, eta lotuta dute datozen hilabeteetarako egutegia.
Besteak beste,
urtarrilaren 23an Zumaian izango dira, eta
otsailaren 20an Zarautzen eskainiko dute saioa.