[caption id="attachment_116042" align="aligncenter" width="300"]

Pako Aristi 'Euskararen isobarak' liburuaren aurkezpenean (Erein argitaletxea).[/caption]
Ostiralean Donostian aurkeztu zuen Pako Aristik (Urrestilla, Azpeitia, 1963) bere azken liburua:
Euskararen isobarak, hamasei gezur handi eta koda bat. Bertan, historian zehar euskararen inguruan zabaldu diren gezurrak azaldu nahi izan ditu.
«Liburu hau ez da ondorio bat, gogoeta askoren abiapuntua baizik» esanez hasi zuen Aristik liburuaren aurkezpena. Gaurko «akats» eta «ahulgune» askoren salaketa egin nahi duela argitu du idazleak. Urrestildarraren arabera, jendeak gogoeta egitea da bere helburuetako bat: «Hori da niri gehien interesatzen zaidana. Nolabait, gure herriaren eta gure hizkuntzaren aurkako ideiak oso barneratuak dauzkagu, eta horiek detektatzea eta desaktibatzea da nire asmoa».
Pako Aristiren azken lan honen abiapuntua 2009. urtean argitaratutako liburu batean dago: 55 mentiras sobre a lingua galega, Xose Henrique Costas-ek idatzitakoa: «Mundu guztiko hizkuntza gutxituek antzeko arazoak dituzte. Gertuen dugun hizkuntza galiziera da, eta han ere kezkak dituzte. Nahiz eta bertan, jende gehiagok hitz egiten duen bertako hizkuntza hemen baino». Liburu horrek arrakasta handia izan zuela eta galizieraren inguruan botere hegemonikoak sortutako «gezurrak» desegiten zituela dio Aristik, akulturizazioa, besteak beste: «Liburu honetan, berriz, ez ditut gauza asko epaitzen, baizik eta gogoeta batzuk egiten ditut. Kazetari bezala, datuak interesatzen zaizkit eta egoera bat azaltzeko, datuak eta gertareak erabiltzen ditut».
Euskarari «min asko» eman zaiola adierazi zuen idazleak liburuaren aurkezpenan: «Euskarari buruz idaztea, min bati buruz idaztea da. Nahiz eta min hori barneratuta egon, ahaztu egiten dugu, dominazioa araututa dagoelako. Horrela da bizitzaren egoera naturala eta mina ere, hain barruan daukagu sartuta, ez baitugu sentitu ere egiten».
Euskararen aurkako legeak
Aristik azaldu zuenez, askotan galdetu diote zergatik idazten duen euskaraz eta «oso harrigarria» iruditzen zaio norberaren lurraldeko hizkuntza propioan zergatik idazten duen galdetzeak: «Duela gutxi hil zen Ramiro Pinilla idazle bizkaitarra, eta hari inork ez dio galdetu zergatik euskalduna izanda, espainolez idazten zuen. Egokitzat zeukaten Pinillaren aukera, hizkuntza hegemonikoaren aldeko aukera», esan zuen.
Euskararen aurka, hainbat motatako biolentzia erabili dela uste du idazle urrestildarrak: «Biolentzia linguistikoa, fisikoa, penala, ekonomikoa, psikologikoa eta morala erabili izan da, eta gaur egun jarraitzen dute horiek erabiltzen».
Aristirentzat, euskararen kontrako lehen legea duela zazpi mende jarri zuten Huescan (Espainia), merkatuetan tratuak egiterako orduan euskara erabiltzea debekatuta: «Mende hauetan guztietan euskararen aurkako legeak egon dira etengabe, bai Espainian, bai Frantzian», azpimarratu zuen Aristik.
Euskararen Isobarak liburuaren idazlearen esanetan, oso «eraginkorra» da hizkuntza bat beste baten «gainean» jartzen denean, menderatzaileak egin nahi lukeena egitea: «Norberaren hizkuntzarekiko ideia txarrak sartzen dizkigute: ez duela balio, lotsagarria dela eta konplexua dela, besteak beste. Eta gaur egun ere, badira nahigabeko konplexu horiek izaten dituzten euskaldunak».