Zarauzko Udal Gobernua: "Azaroaren 10ean ez da posible izan. Ea laster posible den"

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 7a

[caption id="attachment_115692" align="aligncenter" width="300"]Zarauzko Udal Gobernuko  kideak, gaurko agerraldian. Amaia Ventas Zarauzko Udal Gobernuko kideak, gaurko agerraldian.   Amaia Ventas[/caption] "Gaurko agerraldia biktima guztiak aitortzeko urratsa da. Alde batekoak zein bestekoak aintzat hartu nahi dituena". Zarauzko EH Bilduk azaroaren 10aren harira prentsaurrekoa eskaini berri du. Gainontzeko alderdi politikoekin ez dela adostasunera heldu nabarmendu du, ordea. "Azaroaren 10a heldu da, eta iazko ataka berean gaude. Zarauzko udalbatzarra osatzen duten alderdi guztiak, beste behin ere, ez gara gai izan biktima guztien aitortzaren inguruan ados jartzeko", ohartarazi du Aser Lertxundik. EAJk, Ezker Anitzak eta PSE-EEk egin duten deialdiarekin ez dute bat egingo; beraz, igandean ez dira Arrosaleda parkera joango. Gai "zaila eta delikatua" dela aitortu du Lertxundik, eta "egoera hau gainditzeko denborarekin urratsak eman" beharko direla. "Udal Gobernua osatzen dugun ordezkari guztion borondate politiko eta pertsonala argia da: horretarako prest gaude". Zentzu horretan, iaz Bizikidetza Mahaia sortzeko asmoa azaldu zutela gogoratu du: "Hainbat hurbilpen eta bilera egin da, azaroaren 10ean ez ezik aurrera begirako urratsak ere guztien artean eta adostasunez emateko. Ez da posible izan. Gure ardura izanagatik, alderdi guztien erantzukizuna ere bazen, eta guztiok porrot egin dugu. Eredu eskasa eman diegu zarauztarrei zentzu horretan". Hala ere,  gai horretan "alderdikeria oro gainditzeko borondatea" azaldu du: "Alderdien arteko blokeoak gainditu eta adostasuna posible dela uste dugu. Herritarrei adostasun adibide bat emateko gai garela erakutsi nahi diegu". Horregatik, "sentsibilitate guztiak bildu eta haientzat erosoa izango den urratsak emanez", bizikidetzan aurrerapausoak emateko proposamenak egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du Udal Gobernuak: "Garai berriak dira eta urrats berriak behar ditugu. Udal Gobernuak horretarako konpromisoa hartuko du. Horretarako luzatzen dugu gaur eskua". Izan ere, "bakea eraikitzeak ikuspegia zabaltzea" eskatzen du Juan Luis Illarramendi alkateak: "Gure pentsatzeko eraldatzea, aurkari politikoengana hurbiltzea eta entzutea". Horrek guztien partaidetza eskatzen duela nabarmendu du: "Elkarbizitza nahi dugu, modu aske eta baketsuan adierazitako borondatearen errespetuan oinarritutakoa". Aitorpena, guztiei Eider Illarramendik aitorpena eta babesa biktima guztiei zor zaiela gaineratu du. "Biktimen oinarrizko beharren aurrean, askotan, herritarren ordezkariok ez dugu zegokigun maila ematen jakin, eta ondorioz, beren burua babesturik sentitu ez dutenei, beren sufrimenduan laguntzarik jaso ez dutela sentitu duenei, noizbait erakunde politiko zein instituzioen aldetik,—baita gure aldetik ere—, baztertuak eta erabiliak izan direla sentitu duten biktima guztiei, gure atsekabea adierazi nahi diegu, eta barkamena eskatu".  Nabarmendu du ezin dela "atzeratu bakea eraikitzeko ezinbestekoa den eragile politiko guztien arteko batasuna", eta  "guztiek bat egiten ez badute, errekontziliazio prozesuak ez du aurrera egingo".Bide horretan, Zarautzen izan diren biktima guztien inguruan ere bat egitea "ezinbestekoa" dela aitortu du. "Eskubide guztiak pertsona guztientzat". Hori da bide hori elkarrekin egiteko oinarrizko abiapuntua Mikel Goenagaren arabera. "Abiapuntu horrek bere barruan hartzen du elkarizketa, akordioa eta beti bai esatea: bai hitzari; bai bakeari; bai ez gelditzeari; bai urratsak ematen jarraitzeari; bai enpatiari; bai benetako eta egiazko autokritikari; bai eskua luzatzeari eta bai oinazea eta sufrimendua partekatzeari". Horregatik, "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko unea dela ohartarazi du, baina "aldaketa guztiek bere denbora" behar dutela: "Oker ariko ginateke, azkar joateagatik, benetako eta behin betiko bake eta normalizazio politikorako prozesuak ezinbestekoak dituen oinarrien sendotasuna arriskuan jarriko bagenu. Azken hilabeteotako jardunak erakutsi digu. Nahi izan dugu, biana ez da posible izan. Ez da adostasunik lortu". Udal Gobernuaren adierazpena, azaroaren 10az  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide