Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zarauzko osasun zerbitzuaren kalitatean eragina izango duen, eta ondorioz, zarauztarrei zuzenean ondorioak izango dituzten erabakiak hartu ditu Osakidetzak azken aldian. Biek ala biek sendagileekin «euskaraz aritzeko eskubidea urratzen» dute. Batetik, ohiko emagin elebiduaren postua ordezko «erdaldun batek» betetzen du orain, eta bestetik, erretiratu egin den beste mediku baten postua betetzeko euskara ikasteko derrigortasun datarik ez du jarri.
«Ezinegona» sortu die horrek Uemari, Zarauzko Udalari, Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz taldeari, Urola Kostako LAB sindikatuari, Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolari eta Zarauzko AEKri. Izan ere, erabaki horiek zarauztarrak euskaraz artatuak izateko «zailtasunak areagotuko» dutelako.
Lehenbiziko kasuan, ordezko emagina «euskararen ezagutza egiaztatu gabeko» langilea dela nabarmendu dute eragile horiek, eta gogoratu dute lanpostuaren baldintzetako bat dela beharginakHizkuntz Eskakizuna egiaztatuta izatea. «Beraz, araudia errespetatuko balitz, lanpostu horretako kontratazioetan euskararen ezagutza egiaztatu beharko litzateke», diote.
Bigarren kasuan, Gipuzkoako Eskualdeak erretiratu den medikuaren postua betetzeko barne prozesua abiatu duela jakinarazidute. Eta prozesu horretan, lanpostua beteko duenari ez zaiola jarri derrigortasun datarik, «Osakidetzako Euskara Planeko araudiak dioenaren kontra». Zehazki, honakoa dio araudiak: «Helburuak lortzeko bidean aurrera egin nahian, (...) lehentasunezko unitateetan derrigortasun-data jarriko zaie plana onartzen den egunetik aurrera titularrik gabe hutsik egongo edo geratuko diren lanpostu guztiei». Hori dela eta, salatu dute euskararen ezagutza egiaztatzea ez dela «beharrezkoa» izango.
Kalitatea, hizkuntzarekin
Osakidetzak hartutako erabakiak «kezkagarriak» dira eragile horien arabera, eta hainbat arrazoi aipatu dute. Batetik, administrazio publikoak «zerbitzuak euskaraz eskaintzeko duen betebeharrari muzin egin» diola esan dute, eta horrekin Osakidetzak herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituela. Bestetik, horrek zarauztarrak ez dituela «kontuan hartzen» salatu dute eragileek, «ezta bertako errealitate soziolinguistikoa ere».
Era berean, horien arabera Osakidetzak hartutako erabaki horiekin Zarauzko euskararen arnasgunean «erdara nagusi den eremu bat sortuko» da, «bertako errealitate soziolinguistikoan eragin kaltegarria eraginez». Jakinarazi dutenez, herritarren %70ak daki euskaraz, eta %17ak ulertzen du euskara. «Euskara nagusi izanik, euskararen arnasgune indartsua da gure herria».
Horrez gain, Osakidetzaren helburu nagusietako bat kalitatea dela gaineratu dute, eta osasungintzan kalitatea hizkuntzari lotuta dagoela. Jon Darpon Osasun sailburuak esandakoa ekarri dute orduan gogora: «Osagile eta pazientearen arteko harremanetan konfiantza eta enpatia lortzeko hizkuntza funtsezkoa da». Hori horrela, Osakidetzak hartutako erabakiak «kontraesankorrak» direla nabarmendu dute.
Hori dela eta, Uema, Zarauzko Udala, Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz, Urola Kostako LAB , Zarauzko ikastolar eta Zarauzko AEK elkartu eta irakurketa bateratua egin dute. Izan ere, horien arabera, udalerri euskaldunak «bereziak» dira hizkuntzaren ikuspegitik, eta ondorioz, «trataera berezia» behar dute. «Bertako errealitate soziolinguistikoan eragiten duten faktoreak zaindu behar dira. Beste hainbat arlotan bezala, hizkuntzari dagokionean ere, kaltea eragin aurretik prebentzio politikak aktibatu behar dira».
Horregatik, orain arteko prozedura berrikusi eta lanpostuari derrigortasun data jar diezaioten eskatu diete Osakidetzako arduradunei. «Zarauztarrok osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubide osoa daukagu, eta beraz, zor zaigun begirune eta errespetuarekin jokatu dezala eskatzen diogu».