Marcelo Usabiaga: memoria historikoa, memoria argiarekin

Ane Olaizola 2014ko azaroaren 7a

[caption id="attachment_115549" align="aligncenter" width="300"]Marcelo Usabiaga herenegun Arroa Behean (Ane Olaizola/Hitza). Marcelo Usabiaga herenegun Arroa Behean (Ane Olaizola/Hitza).[/caption] Marcelo Usabiagak (Ordizia, 1916) 98 urte egin berri ditu, baina oso argi du burua. Erraz gogoratzen da 36ko gerran eta haren ostean bizi izan zituenez, eta hitz jario handiarekin kontatzen ditu bizipen guztiak. Gaztetan alderdi komunistan sartu zela, hainbat espetxetan bizi izan zela, Frantziara ihes egin zuela, mugalariei laguntzen ibili zela... Arroa Beheko lan batailoian ere egon zen preso, eta hango bizipenak ere ondo gogoan ditu. Garai latz haietako pasarte batzuk umore ukituarekin ere kontatzen badaki, eta entzuleek biziki jarraitzen dituzte komunistaren hitz tinkoak: «Bizi osoan izan naiz komunista. Mundua aldatu beharra dago, hau gaizki dagoelako». Herenegun eman zuen hitzaldia Usabiagak Zestoako Arroa Beheko Ederki zentroan, auzoko hainbat bizilagunek antolatuta. Bi ordu pasatxoz aritu zen hizketan frankismoaren aurka aritutako borrokalaria, Aitor Azurki kazetariaren galderei erantzunez. «Oso gutxik dakite hemen kartzela bat izan zela. Espainiako Estatu osoan bezala, Euskal Herrian ere eskas dago memoria historikoaren gaia, ez dakigu geure herriaren historia», adierazi zuen kazetariak. Hitzaldiaren ondoren, txapela eta makila eman zioten Usabiagari, omenaldi gisa. Auzoan espetxe bat izan zela gogoratzeko eta hango presoen oroimenez, berriz, plaka bat ezartzea proposatu zuen Zestoako Udaleko EAJko zinegotzi Jose Mendizabalek. Asko bizitakoa eta borrokatutakoa da Usabiaga: Ordizian jaioa, Baionan bizi izan zen sei urtera arte, eta gero Irunera joan zen bizitzera familiarekin. Oso gazte zela sartu zen Alderdi Komunistan, eta merkataritza-irakaslea izateko ikasketak egin zituen, 36ko gerra hasi zen arte. Irunen tropa frankisten aurka defendatu zen, eta heriotza zigorra jaso zuen. Baina fusilatzetik libratu zen, moja bati esker: «Kirolak salbatu ninduen. Bizikletan ibiltzen nintzen, eta eroriko baten ondorioz, moja batek orkatila zaindu zidan. Ni fusilatzeko agindua zutenean, moja haren nota bat iritsi zen. Egozten zizkidaten delituen unetan bera nirekin egon zela deklaratu zuen», gogoratu du. 36ko gerran errepublikanoen hainbat bataloikin aritu zen borrokan, eta gerra amaitzean atxilotu egin zuten, Valentzian. 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. «Tragedia handi bat izan zen, espetxean zeundela lagunei deitzen zieten, eta haiek hil egingo zituztela jakitea oso gogorra zen». 1943ko abuztuan bidali zuten Arroako destakamendura. «Obrak ABC izeneko konpainiak egiten zituen, eta han lan egiten zuen nire gurasoen lagun batek. Haren gomendioz etorri nintzen Arroara». Hasiera gogoangarria izan zuen errepublikarrak: «Meza amaitutakoan musu eman behar genion gurutzeari. Ukatu egin nintzen, eta atzetik jarraitu zidaten beste hainbat presok. Istilu galanta sortu zen». Beste asko bezala, Francoren erregimenak behartutako langilea izan zen. Beste 110 errepublikarrekin batera bizi izan zen Arroa Behean. Itziarrera bidean, metro batzuetara zegoen aireko linea elektrikoan lan egiten zuten hango presoek. Usabiaga, ordea, merkataritza-irakasle izanik, bulegoan lan egiten hasi zen. Goizean goiz esnatu, «ura esnearekin» gosaldu, eta lanean aritzen ziren egun osoan. Usabiagari 50 zentimo ematen zizkioten bere jardunarengatik. Hango lan bataloia ez zen ohiko espetxe bat, askatasun gehiago zuten. Libre izaten ziren tarte batzuetan, eta bizikleta hartu eta Zumaiara joaten zen, hango neskalagun batekin elkartzera, estazio inguruko kafetegi batean. Hain zuzen, herenegun aurrean eduki zuen aspaldiko neskalagun hura, publikoaren artean, eta emakumeak irrifarrez baieztatu zizkion bere hitzak. Arroa Behetik Frantziara Arroa Beheko presoentzako botikak erostera ere joaten zen Zumaiara. Noizean behin, «oso gutxitan», presoren bat aske uzteko baimena jasotzen zuten. «Gogoratzen naiz behin galego bati iritsi zitzaiola eskutitza. Neuk eman nion eskura, ilusioa egiten zidan. Berak, ordea, hotz jaso zuen berria, baina bere horretan geratu zen. Minutu batzuk beranduago esan zidaten bere buruaz beste egin zuela». Ez omen zen beste inor hil bera han egon zen bitartean. Lagunen izen batzuk ahaztuta ditu, baina data guztiak dakizki, eta buruan ditu gertaera denak: igandeko meza eta gero, esaterako, tarte bat izaten zuten libre. Mendira joaten zen Usabiaga, bere «kamaradekin» elkartzera. Hain zuzen, horietako batean esan zioten eurek egindako zementoaren erdia Bordelera eramaten zutela, naziei emateko. Orduan, sabotajeak egiten hasi ziren: «Porlan txarra egiten hasi ginen, harea sartzen genion. Hilabetez aritu ginen, eta jakin genuen bi zutabe behintzat erori egin zitzaizkiela». Usabiagaren izena espetxeko nagusien belarrietara iritsi zenean, ordea, handik ihes egitea erabaki zuen. Urtebete eta hiru hilabete egin zituen Arroan. Hiru lagunekin egin zuen ihes Frantziara, eguerdiko zenbaketaren ondoren. Orduan amaitu zen hango egonaldia, eta espetxea denbora gutxira itxi zuten. 1945ean, Guardia Zibilak atxilotu, eta beste 21 urte eman zituen preso. «Urtebetez jarraian eduki ninduten ziega barruan. Koltxoia kentzen zidaten, lurrean esertzeko, Arroako kartzelatik ihes egin nuelako». Beste mila bizipen ditu agureak, isildu nahi ez dituenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide