Aldundiko ordezkariek Zarauzko saihesbidearen zehaztapenak emango dituzte bihar

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 6a

Hitzordua Etxezabalan izango da, 18:30etik aurrera. Bertan izango dira  Larraitz Ugarte garraio diputatua eta Joseba Altube Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako zuzendaria. Erakunde horrek 2015erako aurrekontuetan partida bat gorde du Zarauzko Errotaberri eta Abendaño AP-8arekin lotzeko lanak egiteko. Proiektuaz ariko dira herritarren aurrean. Proiektu horren helburu nagusia Zarauzko industriaguneen garapena indartu eta herriguneko zirkulazio arazoak arintzeko alternatibak eskaintzea da. Zentzu horretan, hainbat ezaugarri izango ditu. Batetik, Asti-Arizia zatian, Abendaño eta Errotaberri autobidearekin lotuko dute, industrialde horietara sarbidea egin, eta Zarauzko herrigunetik pasatu ohi diren kamioi kopurua murrizteko. Bestetik, Ariziako biribilgunearen bidez, udalerri hegoalderako sarrera ere bermatuko da. Horrek guztiak 12,6 milioi euro kostatuko du, BEZa barne.  Lanak 2015ean hasiko dituztela aurreikusi dute. Horrez gain, Vista Alegre auzo parean ordainleku bat egitea aztertzen ari dira Bidegi eta aldundia. Horren bidez, AP-8 autobidea Meagako errepidearekin lotuko da, eta ibilgailuek zuzenean Zarautz mendebaldera zein Getariara joan ahalko dute, herrigunea zeharkatu beharrean.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide