Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pasabidea duela bi aste ireki zen baina Espainiako Ingurumen Ministerioko eta Udaleko ordezkariek gaur goizean egin dute berriztatutako eremu honen inagurazio ofiziala. Bertan izan dira Pablo Saavedra Kosta eta Itsasoaren Jasangarritasunerako Zuzendaria eta Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkatea. Pasabide berriak Zarauzko herriari ekarriko dizkion onurak azaldu dituzte eta obra oraindik guztiz amaitu gabe dagoela gororatu.
Neguko enbaten ondorioz kaltetutako eremuen eta hauek errekuperatzeko proiektuen errepasoa egin du Saavedrak inaugurazioko ekitaldian. Kostako berriztatze lanetarako 35.000.000 euro bideratu zirela azaldu du eta orokorrean erantzuna "azkarra" izan dela: "Kalteen balorazio azkarra egin ondoren, hasieratik helburu bezala jarri zen berriztapen lanek ez ziezaiotela udako denboraldiari eragin, ezta kostako herrietako biztanleei ere... eta hala izan da. Aktibitate ekonomikoak ez du kalterik jasan eta bisitari kopuruaren zifrak oso onak izan dira".
Teknikoki konplexuagoak ziren lan batzuk luzatu egin direla azaldu du Saavedrak; tartean Zarauzko biotopoko pasabidea. "Aspaldiko proiektua zen pasabidea". Ministerioa eta Udalaren artean adostuta zegoen proiektua zela esan du, "biotopoko balore ekologikoak mantendu nahi ziren batetik eta pasabebide zaharra ordezkatu bestetik. Neguko enbatak proiektua aurreratzea egin zuen eta emaitza oso ona izan da. Jendea oso pozik geratu da... Inguru naturala berreskuratzea eta aprobetxatzea lortu da".
Zarauzko alkateak ere pasabide berriaren "balorazio oso ona" egin du eta proiektua guztiz amaitzeko zenbait gauza falta direla gororatu du: "Sarea txukun jartzea falta da; segurtasuna bermatu behar dugu golfean jarraitu ahal izateko. Ezin badugu segurtasuna bermatu ezin da golfean jolastu". Pasabidearen ekialdera dagoen zubia ere berrituko dela esan du "Aldundiarekin ari gara hizketan zubia martxan jartzeko". Egun zubia eta pasabidea eskailera batzuekin lotuta daude, eta zenbait kasutan, herritarrek arazoak izaten dituzte batetik bestera igarotzeko. Irisgarritasuna bermatzeko zubia pasealekuaren mailara egokituko da.