[caption id="attachment_115404" align="aligncenter" width="300"]

Azpeitiko udal gobernua Denon Artean 2015 aurrekontu parte-hartzaileak aurkezten (Miriam Tamayo/Hitza)[/caption]
Azpeitiko udal gobernuak Denon Artean 2015 izeneko aurrekontu parte-hartzaileak aurkeztu ditu. Horri esker, herritarren ekarpenekin osatzen dira udaleko aurrekontuak. Duela lau urte hasitako prozesua da eta iazko helburuak mantentzen direla dio Eneko Etxeberria, Azpeitiko alkateak. Helburu horiek gardentasuna, azpeitiarren aurrean kontuak azaltzea, hau da, "aurrekontuen nondik norakoak" argitzea eta "guztien artean" erabakiak hartzea dira.
Etxeberriaren arabera, arazo konplexu baten aurrean dauden pertsonek konponbide "hobeagoak eta merkeagoak" lortzen lagundu dezakete. Hori lortu ahal izateko, Azpeitiko alkateak prozesu honetan parte hartzeko deia luzatu die herritar guztiei. Prozesuaren irizpide nagusiena krisi ekonomikoa dela dio, "ahal diren lanpostu duinenak sortzeko" asmoz eta horren baitan, udalak hiru iturrietatik "edaten" duten aurrekontuak planteatzen dituztela adierazi du: alde batetik, udaletxeko alderdiek egin dezaketen ekarpenak daude, ondoren, Denon Artean aurrekontu parte hartzeilei esker egin daitezkeen ekarpenak eta azkenik, 2025 Plan Estrategikoa.
Azkenengoa iaz sortutako plana da eta Azpeitiko udal gobernuak onartu zuen aho batez. Bertan, ekonomiaren eta arlo sozialaren inguruko beharrak aztertzen dira eta plan estrategiko horrek lehentasuna izango du aurtengo aurrekontuetan.
Ekarpenak nola egin
Udal gobernuaren proposamenak bost arloetan daude banatuta: ekonomia erreaktibatzen lantzen jarraitzea, herritarren aldeko politika lehentasuna, udal zerbitzuen kalitatea mantentzea, ingurumenaren aldeko apustua eta beharrezko diren azpiegiturak lantzea. Aurrekontu parte-hartzaileen inguruko bilerak azaroan izango dira eta gaur izango da lehenengoa. Udal gobernuaren asmoa bileratan herritarrek egindako ekarpenak abenduko udalbatzarrean onartzea da.
Herritarrek hiru aukera dituzte ekarpenak egiteko: etxe guztietara bidaliko den eskuorria herrietako hainbat puntuetan ipini diren postontzietara botaz,
udaleko webgunean eta gaurtik aurrera egingo diren bileratan.
Bilerak:
- Azaroak 12, 19:00etan: herritarrentzat bilera irekia Betharram aretoan.
- Azaroak 19, 19:00etan: herriko eragileekin bilera, Betharram aretoan.
Auzo ezberdinetako kideekin bilerak:
- Azaroaren 6, 19:00etan: Matxinbentako auzo tabernan.
- Azaroaren 10, 19:30ean: Aratz Errekako auzo tabernan.
- Azaroak 11, 21:00etan: Nuarben, sokatirako lokalean.
- Azaroak 17, 19:00etan: Urrestillako auzo lokalean.
- Azaroak 20, 19:00etan: Lasaoko auzo lokalean.