Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
IRITZIA. Bostekoa. Ainhoa Alberdi
Azaroan sartuak gara jada, dagoeneko naturak bere mareen gorabeherekin, lapurtutako ia hondar guztia berriro ere itzuli du Zarauzko hondartzara. Pazientzia pixka bat izan bagenu, ez zuen gure herriak hainbeste diru gastatu izango hondar grisexka hura botatzen herriko hondartzan, eta orain diru hori beste gauza batzutarako edukiko genukeen... Gainera, orain beharbada gainezka egin eta edozein egunetan hondarraren inbasioa izango dugu, beharbada hondarrezko olatu erraldoi batek irentsiko gaitu...! Earra izango litzateke ikuskizuna!
Txerokientzat, azaroak urte berriaren etorrera iragartzen omen du, eta berria datorrenean, zaharrak hil egin behar. Bai, nik aspaldi nonbait irakurria nuen azaroa heriotzaren hilabetea dela, garai hau aproposa da joan behar duenari joaten uzteko, izan izaki, gizaki bat, ideia bat, jokamolde bat...Baina joaten uztearen hori ez dugu oso ongi eramaten askotan, edozer pertsona, egoera, jokamolderi atxikitzen gatzaizkio zoriogaitzaren iturri izan arren aldaketa ez emateagatik. Aldaketak dakarren hutsunea ez jasateagatik. Eta hain zuzen ere aldaketaren gakoa heriotzean dago. Heriotza onartu behar jaiotza berria eman dadin. Eta hori da gizarte honen arazorik handiena. Betierekoak garela sinestu nahi dugu, eta ezin dugu jasan bizitzaren ez iraunkortasuna. Eta horregatik beldur diogu bizitzeari, orainari... Azaroa jaiotza berrien hilabetea, igoerak, puntu gorenera iristen diren trasformazioak... Azaroa eskorpioren hilabetea da, bere bizi energia izugarriarekin eta sakontasun emozionalarekin. Eskorpiok hiltzen eta birjaiotzen irakasten digu etengabe, sexuaren plazeraz gozatzen, sakratua dela ezagutzen.
Nik gogoko ditut txerokiak. Bai, ongi erortzen zaizkit eta erakargarriak egiten zaizkit. Garai bateko telebista eta zinema basati batzuk zirela erakusten saiatu ziren arren, batzuri behintzat iritsi zitzaigun horrela ez zenaren mezua, beharbada inbasioaren ondorioz guk euskaldunok beraiekin sentitu izan dugun antzekotasunarengatik edo... Nik gogoko ditut batipat amalurrarekin duten erlazioarengatik. Eta basatia ere maite dudalako. Lurra da beraien oinarria, eta lurrari behin ongi eutsita eta sustraituta, askatasunez hegan egin daitekeelako. Hildakoak ere lurrean ehorzten genituen, amalurrari berea bueltatuz, emandako bizitza eskertu nahian. Gaur egun kanposantuak marmolez eta harriz inguraturiko erlauntza bihurtu ditugu, eta hildakoan ere ez gaude amalurrarekin bat. Nik badut antzerkian bakarrizketa bat, Zapatak, eta bertan oso esaldi esanguratsua dago; «zapatak, pertsonak lurretik aldentzeko asmatu omen zituzten, bere arimak lurrarekin bat egin ez zezan...». Eta lurrarekin bat egiten ez dugunean, airean bizi gara, ilusioetan, egiazkoak ez diren bizitzetan... Ariketa bat proposatzen dizuet; «itxi begiak eta eraman zuen atentzioa oin azpietara..., eta irudikatu oin azpietatik sustraiak lurrerantz ateratzen..., eta arnasa hartu..., arnasketa bakoitzarekin sustraiak gero eta sakonago doaz lurrerantz, beherantza, beherantza..., eta amalurrak bertan duen energia gorrixka irudikatu orain zuen sustraietan gora... , zuen gorputzetan barrena..., gora..., gora..., bihotzeraino iritsi arte...».
Orain pixka bat sustraituagoak gaudenez, zerurantz egin dezakegu jauzia. Azaroa leonida izarren hilabetea omen da. Ez nekien zer ziren leonida izarrak, -zuek bai?- eta Google-en begiratu dut. Leonidak meteoroen euriteak dira, urtero azaroaren 15aren eta 21aren inguruan gertatzen da, 33 urtean behin gorengo bizitasuna lortzen dute.
Aurten azaroaren 4ko gauetik 5eko egunsentira Taúridas del Sur eman dira. Orduko 7 meteoro. Suzko bolak ikusi ahal izan dira batez ere gauerdi inguruan eta egunsentian.
Azaroaren 11ko gautik, 12ko goizaldera, Taúridas del Norte. Kantitate gehiena gauerdian, Tauro zezena bere gorengo lekuan dagoenean. Oso mantso mugitzen dira, eta batzutan oso distiratsuak dira.
Azaroaren 16ko gauetik 17 edo 18ko goizaldera, Leonidak. 1966.urtean, 15 minututan milaka meteoro minutuan eman omen ziren, historiako meteoroen ekaitzik handiena. Hau ikusi zutenek esan zuten lurrera eutsi behar izan zutela gogor, bazirudielako Lurra espaziotik hegan zebilela, meteoroen eurijasa hura iraganez. Meteoroak, zeruko puntu zehatz batetik ateratzen dira, Leo lehoiaren konstelaziotik.Lehoiak urte gehienetan orro egin ordez zinkuri (gimoteo) egiten duenez, gau ilun batean ordubetean 10-15 meteoro sortzen omen ditu. Gauerdi ostean gehitzen omen dira, eta kantitate gehienak egunsentia baino lehen ikusten omen dira.
Kontuan hartu beharra dago, bizitzan beste alor askotan bezala, hemen ere altxorraren distira, kasu honetan izarren distira, ikusi ahal izateko, iluntasun osoa dela lagunik hoberena. Hau ere kostatzen zaigu onartzea askotan. Gogoratu, baita ere, meteoroak ikustera joatea arrantzara joatea bezalakoa dela, garrantzitsuena irten eta naturaz gozatzea da.
Badira ba gertakizun erakargarriak urteko hilabete ilun honetan. Prestatu, beraz, lurrean ongi sustraituz zerurantz hegan egiteko! Gozatu altxorraren distiraz iluntasunean!