Mikel Jauregi: "Behobia ondo aterata, amaieran eskerrak ematera etortzen denik ere izaten da"

Nerea Uranga 2014ko aza. 6a, 06:37

[caption id="attachment_115360" align="aligncenter" width="300"]Mikel Jauregi Endoiako mendi lasterketan. Mikel Jauregi Endoiako mendi lasterketan.[/caption] Hogeigarren aldiz egingo du aurten Behobia-Donostia lasterketa Zestoan bizi den Mikel Jauregi (1974, Añorga, Donostia) korrikalariak. Baina, azken lau aldietan bezala, proban erbi lanean ariko da igandean; 20 kilometroak 01:30:00 denboran bukatu nahi duten lasterkariei erritmoa markatzen. Erbi lana egingo duzu igandeko proban. Zein da zure egitekoa? Aurtengo kasuan, 01:30:00 denbora egin nahi duenarentzat, hori egiteko moduko erritmoa jarriko dut. Nahi edo asmo hori duenak niri jarraitzeko aukera izango du. Dezente izango gara erbi lana egingo dugunak, nire denbora egiteko ere beste batzuk egongo dira, baina haiek beste irteera batzutan aterako dira. Irteera desberdinak daude, eta aurrerago edo atzerago aterako dira besteak. Zenbagarren aldiz aterako zara erbi lanean? Laugarren urtea dut hau. Besteetan 01:25:00 denbora egin dut, eta aurten 01:30:00 egokitu zait. Ardura handiko lana dirudi. Bai, bada, eta ni serio hartzen saiatzen naiz. Gainera, Behobia ez da ibilbide laua, ez da erritmo bat hartu eta segi egin behar den proba bat. Kilometro batzutan aldapa gora dago, eta beste batzutan behera. Ez da hain erraza. Aurreneko urtean nahiko urduri egon nintzen, baina gero ondo ateratzen da. Ardura bai, baina poza ere bai, badago bukaeraraino segika etorri eta bukaeran ondo atera bazaio eskerrak ematera datorrenik. Polita izaten da. Proban ondoan jarri eta makalago joateko esanez ez al zaizu inor jardun?   Horrelakoak izaten direla entzuten da, baina niri ez zait inoiz gertatu. Agian, ondoan hori pentsatzen joango denik izango da, baina ez didate inoiz esan. Baina, hasieran askok galdetzen didate nola joateko asmoa dudan. Proba denbora jakin horretan bukatzeko, nola ateratzen dira kontuak? Kilometroko kalkulua egitea ez da oso erraza. Normalean, 5, 10 eta 15 kilometroko erreferentzia batzuk egiten ditut: 5. kilometroan zer denboratan pasatu beharko genukeen, 10.ean zenbatean eta 15.ean zenbatean. Horren arabera, badakit ondo goazen edo ez. Baina, aurrez kalkulu bat eginda edukitzen dut. Probaren egunean zeure burua sasoiko ikusi eta zeure marka egitera joateko tentaziorik izan al duzu? Ez, ez. Orain arte 01:25ean egin dut, eta ez pentsa hori baino denbora askoz gutxiagoan egiteko aukera edukiko nukeenik. Denborak egiteko gure garaiak pasatu dira. Herri lasterketa askotan hartu duzu parte. Korrikalari batentzat zer du Behobiak, besteengandik desberdintzen duena? Desberdina da, lasterketa bat baino gehiago da, onerako eta txarrerako. Badago jende bat beste herri lasterketa askotan ateratzen dena eta Behobia ez duena gustuko. Jendetza handia da, eta horrek gauza onak ditu: giro berezia sortzen delako, baina igoal kontrara deserosotasun batzuk baditu; irteera... Batzuentzat ezaugarri onak dira, eta beste batzuei ez zaie gustatzen. Niri asko gustatzen zait proba, giroa, lasterka jende asko eta toki guztietakoa dago, eta ikusleen aldetik egoten den animazioa beste inon ez dago; Donostiako azken kilometroan dagoen giroa ez dago beste inon. Berezia da. Ez da proba bakarrik, gero bazkaria eta egun oso bat da, polita da. Bestela, gogoko duzun beste lasterketarik ba al duzu? Zegamakoa, adibidez, Behobiaren gauza antzekoa da, baina mendian. Lehenengo aldietan egin nuen, lau alditan, eta hori ere berezia da. Gero, beste batzuk badaude ez dakidanak zergatik, baina maiteak ditudanak: Zestoakoa asko gustatzen zait, eta Lasartekoa ere urtero egiten saiatzen naiz. Baina, berezi-berezia, Behobiakoa da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide