Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kalean, dendan, tabernan, merkatuan, ezkaratzean, zineman... Herritar asko eta askorekin gurutzatu ohi gara egunero, baina ezer gutxi dakigu besteez. Batzutan, are gutxiago kanpotik etorritakoei buruz. «Hormak birrindu eta estereotipoekin bukatzeko asmoz», hirugarren urtez SOS Arrazakeriak antolatutako Bizilagunak programarekin bat egin du aurten ere Zarauzko Udalak.
Proiektuaren helburua udalerrian jaio direnak eta bertara bizitzera etorri diren herritarrak bildu eta elkar ezagutzea da. Gari Berasaluze Kultura zinegotziak nabarmendu duen bezala, «batera bizitzetik elkarrekin bizitzera» pasatzeko: «Azken urteotan batetik eta bestetik etorritako herritarrak bizi gara Zarautzen. Jatorria jatorri, azken batean guztiok gara zarauztarrak».
Aldameneko familia ekimenaren bidez, mahai baten bueltan harremanak estutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. «Zubiak eraikitzeko». Pixkanaka zabaltzen doa Aldameneko familia. Lehenbiziko urtean, 2012an, sei etxetan elkartu ziren, eta bigarrengo urtean, iaz, berriz, hamar izan ziren. «Ea aurten zenbat elkartzen garen».
Bazkariak egiteko eguna finkatu dute: azaroaren 23a, igandea. Ordua ere zehaztu dute: 14:00etan izango da hitzordua. Lekua bi aldeen arabera moldatuko dute: baten edo bestearen etxean egingo dute bazkaria, baina beti ere, elkarrekin. Bi familiez gain, dinamizatzaile batek ere hartuko du parte.
Interesa dutenek hainbat bide izango dute izena emateko. Batetik, SOS Arrazakeriara deitu dezakete, 943-321811 telefonora, edo info@mugak.org helbidera mezua bidali. Nahiago dutenek Zarauzko Gizarte Zerbitzuekin jar daitezke harremanetan, bertara jota (Zigordia kalea, 33) zein bulegora deituz, 943- 005127 telefono zenbakira. Igande honetan amaituko da izena emateko epea.
Parte-hartzaileek galdetegi labur bat erantzun beharko dute, besteak beste, ekimenean familia bakoitzeko zenbat kidek hartuko duten parte zehaztu, bazkaria norberak prestatuko duen ala besteen etxeetara joateko prest dagoen ezagutarazi, eta horrean arabera moldatzeko hitzorduak.
Berasaluzek zarauztar guztiei, eta bereziki, bertan sortutakoei dei egin die egitasmoan parte hartzera. «Azken urteetan ikusi dugu kanpotik etorritako zarauztarrek euren etxeetako ateak irekitzen dituztela, baina Zarautzen bertan jaiotako jendea falta da bazkari hori partekatu eta lagun giroan aldamenekoa ezagutzeko», esan du.