Langile ohiek Azcue y Cia urtarrilean berriro irekitzeko asmoa daukate

Ane Olaizola 2014ko azaroaren 5a

[caption id="attachment_115268" align="aligncenter" width="300"]Azcue y Cia lantegian hiru egunetan lapurretak izan direla salatu dute(Ane Olaizola) Azcue y Cia lantegian hiru egunetan lapurretak izan direla salatu dute
(Ane Olaizola)[/caption] Azcue y Cia altzari enpresa berriro martxan jartzeko "azken fasean" daude Azpeitian. Lehiaketa prozesuan da lantegia, eta hango langile ohiek Langileen Sozietatea sortu dute, enpresa berriro martxan jartzeko. Era berean,  Azcue y Cia enpresako zuzendariek eta langileek osatut, talde eragile bat sortu dute, eta hango bozeramaile Xabier Oleagak, Edu Etxarte talde eragileko langileen ordezkariak eta Luis Azkue, lehengo enpresako zuzendariak egoeraren berri eman dute. Azken hau ere enpresa berria sortzeko "laguntzen" dabil. Aurreko enpresako ia 90 langilek egin dute bat lantegia berriro martxan jartzeko proiektuarekin, eta "ziur" daude aurrera aterako dutela. Urtarrilerako martxan jarri nahi dute lantegia, baina salatu dute lapurretak izan direla Azpeitiko lantegian, eta horrek irekieraren data baldintza lezake. Enpresak zer izen izango duen ez dute zehaztu, baina negozio plana egina dute. Aurretik, altzariak egiten zituzten Azcuen, baina orain jarduera berria izango dute. "Eskaintza integrala" egin nahi dute, eta altzariak ez ezik, zurezko lurrak ekoizteko asmoa dute, parketak, esaterako. "Beste leku batzuetan emaitza onak izan dituzte, eta hemen gehiago garatu nahiko genituzke". Hain zuzen, lehenengo zoruekin hasiko dira, "berehalako merkatua duelako honek". Ondoren, altzairiak ekoitziko dituzte, eta epe ertainean ateekin eta bulegoetako eta sukaldetako altzariekin hasi nahi dute. Familia enpresa izatetik sozietate anonimoa izatera igaro zen Azcue y Cia, eta orain langileen sozietatea izango da. Jakinarazi dutenez, hasiera batean 30 langile arituko lirateke lanean, eta 2015a amaitzerako 50 langile izatea aurreikusten dute. Hurrengoan, berriz, 80 eta 100 behargin inguru aritzeko asmoa dute. Dena den, etorkizuna kaltetu diezaieken lapurreta batzuen berri eman dute gaur, enpresan bertan. Jakinarazi dute joan zen astean, hiru egunetan, hainbat material ostu zituztela. Ateak puskatu, tresnak hondatu, eta paretetan zuloak egiteaz gain, "material ugari" ostu dituzte: ibilgailuak, makinen bateriak eta kuadro elektrikoak… "Kalte materialak handiagoak izateaz gain, kobrezko bobinak lekutik atera eta fabrikaren aparatu elektrikoan kalteak eragin dituzte". Horien arabera, kalteak neurtzeko goizegi da oraindik, eta hain zuzen, makinetan egindako kalteen araberakoak izango dira ondorioak. "Kaltea handia izango dela beldur gara". Salaketa jarrita daukate Ertzaintzan, eta konkurtso administratzailearengana ere jo dute, babes eske. "Sistema bat jarriko dute, gauetan zainduta egon dadin". Bitartean, langileak enpresa zaintzen egon dira hainbat gauetan. Kalteak neurtzeko "goizegi" dela esan dute, baina "diru kopuru handia" eragin diezaiekela adierazi du Ertxartek. Ez dute uste lapurretak enpresa berriro martxan jartzea eragozteko asmoz egin dituztenik, baina zuhur dira, eta ez dute haren inguruko irakurketarik egin nahi izan. "Ez dagokigu guri ikerketa lanak egitea". Enpresa itxi zenetik, 2012ko abendutik, geldirik daude makinak, eta kalteak neurturtakoan ebatziko dute zenbaiteraino baldintzatu diezaieketen irekiera data. Oleagak adierazi duenez, gauzak ondo datozen asteetan iritsiko dira administratzailearekin akordio batera, euren planarekin aurrera jarraitzeko, eta bankuekin ere gauza begira egitekoak dira "datozen egunetan". Akordioak lortuz gero, Donostiako Lan Epaitegiak "berehala" emango lizkieke ondasunak. Urtarrilean ireki nahi dute enpresa, eta balizko bezeroak lortzen daude egun: "Urtarriletik martxora bitartean, balizko bezeroekin lotzen ez ditugun kontratuak galdutzat emango dira, eta horrek aurreikusitako jardun ekonomikoa zapuztuko luke". Oleagaren arabera, parketa egiten hasteko "hitzezko kontratuak" lotuta dituzte, baina oraindik formalizatu gabe dauzkate. Dena den, langile guztiek "ilusio" handia dutela berretsi dute, eta Azcue y Cia berriro irekitzea herriarako "oso garrantzitsua" izango dela azpimarratu dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide