Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sortuko kideek agerraldia egin zuten atzo Azpeitian. Bertan, Azpeitiaren eta herritarren etorkizuna «denen artean» egingo dutela esan zuten: «Elkarrekin bizi behar dugu eta elkarrekin egin behar dugu aurrera, elkarlanean. Elkartasunean eta gutxieneko elkarrenganako errespetuan». Oroimena ahaztu gabe, elkarbizitza «demokratiko eta normalizatu» bat sustatzeko, «egian oinarrituta eta denen artean» egiteak duen garrantzia azpimarratu zuten Sortukoek.
Beren ustetan, elkarbizitza «egoki» bat lortu ahal izateko beharrezkoa da «elkarrenganako errespetua», izan ere, herritar guztien giza eskubideen errespetua ziurtatzea «ezinbestekoa» dela diote: «Biktima gehiagorik gabeko Azpeitia nahi dugu, sufrimendu, samin, jazarpen eta mehatxu gehiagorik gabekoa», esan zuten Azpeitiko Sortuko kideek.
Autokritikari ere tokia
Elkarbizitza hori lortzeko oroimena «gorde eta zaindu» egin behar dela eta Azpeitian gertatu izan direnak «oso larriak» direla pentsatzen dute: «Hamarkada luzez izugarrizko sufrimendua eta samina eragin du herritarrengan, bereziki zuzenean sufritu behar izan dutenen artean». Biktimen zerrendak gutxienez 1936. urtean sustraia dutela diote eta hilketak, torturak eta mehatxuak orain gutxi arte bizi izan direla.
Azpeitiko Sortuk biktima guztiak «onartzen» dituela dio, «edozein biolentziak» sortu dituenak. Zenbait biktima eta euren senideekiko izandako «sentsibilizazio faltaren aurrean autokritika» ere egiten dutela diote : «Espainiar eta frantziar biolentzia politikak eta gerra zikinak eragindakoak ez ezik, ETAren jarduera armatuak eragindakoak ere onartzen ditugu. Zenbait unetan ez dugu asmatu eurengana gerturatzen eta ez dugu behar bezala jokatu».
Gatazka horren ondorioz, herritarren artean «gorrotoa eta ezinikusia» egon direla diote. Sorturen «konpromisoa» eta «apustua» sentipen horiek «alde batera» uztea eta «sortu diren zauriak» sendatzea da, eta horretarako «ahalegin, indar eta tresna guztiak» jarriko dituztela azpimarratu dute.
Sortuk dioenez, konponbidea eta bakea nahi dituzte: «Oroimen kolektiboa eta eragindako sufrimenduaren aitortza oinarri hartuta, gaurtik hasita giza eskubideak errespetatuz egin nahi dugu bidea», adierazi dute Sortukoek.