Angel Larrañaga, Kupelakoa: "Gaurko gazteek entzuten gaituzte, baina ez guk nahi bezainbeste"

Ane Olaizola 2014ko aza. 5a, 05:36

Kupela taldeak bere bosgarren diskoa argitaratu du: Eutsi goiari (Elkar). Izen horren pean, animo mezua zabaldu nahi izan dute Angel Larrañaga (Azkoitia, 1947) eta Xabier Alberdi Zabale pandero jotzaile eta trikitilari azkoitiarrek. Aitor Furundarenaren eta Mikel Krutzagaren ekoizpen eta laguntzarekin kaleratu dute azken diskoa, eta aurreko astean aurkeztu zuten Aiako Aristerrazun. Abenduaren 13an, berriz, Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen tabernan izango dira. Azken diskoa kalean duzue. Nolakoa da? Kupelaren zigilua du honek ere. Baditu berrikuntza batzuk, baina ez askorik. Dena den, orain arte, disko guztietan Aitor Furundarena soinu jotzailea gurekin izan da, eta oraingoan askoz gehiago hartu du parte. Zuzeneko emanaldietan ere gurekin ibili da batzuetan. Abestiei dagokienez, aurrekoetan oro har nik bakarrik kantatzen nuen, eta orain ahotsa koruarekin laguntzen didate. Aurreko diskoan, gainera, lehengo bertsolarien eta neure bertsoak sartu genituen, gure norabidea aldatze aldera. Oraingoan, guztiak neuk egindako letrak dira. Esango nuke musika bizia duela oraingoak, gazte ukitua du. Gazte ukitua du, baina gauzko gazteek entzuten al zaituztete? Aditzen dute, baina ez guk nahi bezainbeste. Plaza askotan ibiltzen gara. Aurten Zumaiako Oikia auzoan oso plaza ona egin genuen, eta han gazte ugari ziren. Aurrekoan Aristerrazun (Aia) izan ginen, eta han ere gazte dezente zeuden, adinekoak gehiago baziren ere. Leku batzuetan gerturatzen dira; badaude Kupelaren gazte jarraitzaile batzuk, eta horiek plaza gehienetan izaten dira. Gertatzen da, ordea, gazteak ez duela nahi izaten helduekin nahasterik. Duela bi urte, Oikian gazteek musika bizia eskatzen ziguten. Jende heldua ere bazegoen, eta esan genien lehenengo bestelako musika joko genuela. Joan egin ziren gazte guztiak, eta azkenengo momentuan pila bat itzuli ziren. Gure garaiko jendeak han jarraitzen du, eta uste dut kirol bezala hartuta daukatela, hiru orduko erromeria jarraitzea zaila baita. Sentitu egin behar da. Umore ukituarekin jarraitzen al duzue? Bai. Abesti batzuetan gaizto puntuarekin jarraitzen dugu, eta beste batzuk serioagoak dira. Aurkezpenean esan zidaten disko alaia zela, eta aldi berean sentikorra. Hau da, bietatik dauka. Nahasketa bat egiten saiatu gara. Eutsi goiari jarri diozue izena. Beharrezkoa al da gaur egun? Euskaldunen artean ohikoa da esaldi hori esatea, animoak emateko. Ez dira urterik errazenak, eta horregatik jarri diogu izena. Erromeri askotan ibiltzen zarete. Sasoiko zaudete oraindik, ezta? Berrogei urte baino gehiago daramat plazan, eta bertsotan oraindik ere egiten dut, baina kontu desberdinak dira bata eta bestea. Musika eta festa giro honetan, gau batetik bestera ondo suspertzen zara. Lana da, eta errespetatu beharra daukazu, baina aurrean giroa baldin baduzu ez da hain nekagarria izaten. Bertsoa, aldiz, tentsio oso handiko lana da. Lana beti da, baina errazagoak dira musikaren munduko orduak. Bertsoak gehiago behartzen du norberaren izaera. Aian aurkeztu zenuten diskoa aurreko asteburuan. Jendeak nola erantzun zuen? Oso ondo joan zen. Aian askotan aritzen gara erromerietan, eta han esaten digute jende gehiena guk erakartzen dugula. Disko berria ezagutzeko asmoz, jende piloa joan zen. Plazan lekurik ez zegoela eta, gazte askok kanpotik jarraitu behar izan zuten. Emanaldi guztiak hala balira, beste saio batzuk izango lirateke. Diskoaren azalerako, berriz, Zelatun aukeratu duzue. Zergatik? Batetik, ez genuen nahi geure argazki bat ateratzerik. Aldatu egin nahi genuen. Horrez gain, oso mendi famatua da erromeria munduan. Mutil koskorra nintzenean izugarrizko jendetza biltzen zuen, eta orain ere urtero joaten gara. Ez da guk erabakitako azala izan, horixe jarri digute, eta izugarri gustatu zait.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide