Itsas ondarea balioan jarriz hitzaldi ibiltariak

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 5a

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako udalek itsas ondarea berreskuratzeko eta ezagutzera emateko egitasmo bat jarri dute martxan. Hala, azaroko igande guztietan hitzaldi ibiltariak egingo dituzte Urola Kostako hainbat txokotara, itsas historian aditua den Xabier Alberdik gidatuta. Bidean Alberdik leku bakoitzaren inguruko azalpenak eta argibideak emango ditu modu ulerterrazean, ibiltariei ingurua hobeto ezagutarazteko. Ibilaldiok doakoak eta irekiak izango dira, baina aurrez izena eman beharko da irteera antolatzen duen Turismo Bulegoan. Kostalde guztian zehar oinez Egitasmoak lau hitzaldi ibiltari barne hartzen ditu, eta azaroko igande guztietan egingo da irteera bat. Joan den igandean egin zen lehenengo ibilaldia Aian, Laurgain eta Ubegun arteko paisaia itsastarraren aztarnak ezagutzeko. Hurrengo ibilbidea igande honetan izango da, eta Oriok hartuko du lekukoa oraingoan. Etxeluzen hasi eta Frantses muturrera arteko ibilbidea izango da. «Itsasoak industrializazio prozesuan izandako eragina» izango da hitzaldiaren gaia. Etxeluze parean hasiko da ibilaldi hau. Azaroaren 16ko irteeran Getariako Alde Zaharra bisitatuko dute parte-hartzaileek. Udaletxe aurrean hasi eta «mendeetan itsasoan nagusi izan den gizarte baten aztarnak» topatzera abiatuko da taldea. Azaroaren 23an Zumaian egingo den irteerak «ezkutuan dagoen itsas ondarea» ezagutzeko aukera eskainiko du. Alondegiko sarrera izango da topagunea, eta handik abiatuta portu zaharreko eta marea errotako sekretuak ezagutzera gidatuko ditu Alberdik ibiltariak. Irteera guztiak goizeko 11etan hasiko dira adierazitako irteera puntuetatik, eta goiz erdi bat iraungo dute. Izena emateko herri bakoitzeko Turismo Bulegora deitu behar da aurrez. Hitzaldi ibiltariei amaiera Jon Maia Albaola Euskal Itsas Faktoriako kideak emango die, azaroaren 27an, 19:00etan Zarauzko Modelo aretoan eskainiko duen hitzaldiarekin. «Itsas ondarea balioan jartzearen garrantzia» izango du hizpide zumaiarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide