Udazkenean, euskara indarberrituko dute Orion

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 5a

Orioko Udaleko Euskara Batzordeak Euskaraz Bizi-bizi jardunaldia antolatu du azaroan herritarren kontzientzia linguistikoan eragiteko egitasmoaren barruan. Hilabete guztian zehar hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dira herritarrak euskaraz hitz egitearen garrantziaz ohartarazi eta sentsibilizatzeko. Udalak bi urte daramatza herriko eragileekin elkarlanean Euskaraz Bizi-bizi egitasmoa gauzatzen. Helburu nagusiak oriotarren kontzientzia linguistikoan eragin eta edonork herrian euskaraz bizitzeko aukera izatea dira. Gaur arratsaldeko 19:00etan egingo da jardunaldiko lehen ekimena. Hezkuntza Zientzietan doktorea den Pello Jauregi pasaiarrak hitzaldi bat emango du Salatxo aretoan Portaeratik jarrerara: hizkuntza aldaketaren gakoak izenburupean. Euskarazko arnasgunea Ez da Orion halako jardunaldi bat antolatzen den lehenengo aldia. 2011ko otsailean Orio. Euskarazko arnasgunea sendotu egitasmoa antolatu zuen Euskara Batzordeak, eta jardunaldi haren ondorio nagusietako bat izan zen «nahitaezkoa» dela gaur egungo Orion herritarren kontzientzian eragitea, euskaraz bizitzeko hautu kontzientea egin dezaten. Jardunaldiaren programa - Azaroak 5, asteazkena. Portaeratik jarrerara: hizkuntza aldaketaren gakoak Pello Jauregiren eskutik, 19:00etan, Salatxo aretoan. - Azaroak 10, astelehena. Euskara, ospeletik eguterara. Hizlaria Dabid Anaut, 19:00etan, Kultur Etxean. - Azaroaren 10etik 23ra. Euskara, ospeletik eguterara. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria erakusketa. Goiz eta arratsaldez, Kultur Etxean. - Azaroak 12, asteazkena. Nola aktibatu hiztunak? mahai-ingurua, 19:00etan. - Azaroak 19, asteazkena. Nola ikusten gaituzte arnasguneetan bizi ez diren euskaldunek? mahai-ingurua. - Azaroak 26, asteazkena. Orion zer egin dezakegu hiztunak aktibatzeko? Herriko eragileen arteko solasa. Salatxo aretoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide