Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostegunean, urriaren 30ean, egin zen udalbatzarrean 2015eko udal zergak eta tasak erregulatzen dituen ordenantza fiskala onartu zen EH Bilduren aldeko 5 botoekin eta Orainen aldeko 2 botoekin. EAJ abstenitu egin zen, bere proposamena, «salbuespenik gabe», zerga guztiak izoztea baitzen.
Jon Carrera Jauregi Orioko Udaleko idakazkari kontuhartzaileak HITZAri jakinarazi dionez, orokorrean «izoztu» egingo dira 2015eko udal tasak eta zergak, baina salbuespen batzuk egongo dira, batez ere defizitarioak diren udal zerbitzuei dagokien zergetan.
Ondasun higiezinen zerga
2014ko ordenantza fiskalean etxebizitza hutsei ezarritako gainkargak %100eko igoera izan bazuen ere, 2015eko ordenantza fiskalean bertan behera uztea erabaki da. Era honetan, jabetzan bigarren etxebizitza dutenek ez dute ondasun higiezinei dagokien zergaz gain beste gainkargarik ordaindu beharrik izango.
Hainbat zerga, gora
Lurren balioa handitzeagatik udalak kobratzen duen zerga da gainbalio-zerga. Salerosketan soilik aplikatzen da, eta 2015erako puntu bateko igoera izango du. Hala, %10etik %11ra igoko da lurren salerosketan aplikatutako zerga hau.
Defizita eragiten duten udal zerbitzuen gaineko zergak ere igo egingo dira. Igoera hau nabarituko duten tasak dira, esaterako, udal kanposantuko zerbitzuen gainekoak eta Arraunetxe arraun eta piraguismoko teknifikazio zentroaren erabileri dagozkionak. Horrez gain, 2015eko ordenantzak animalia arriskutsuen jabetzari zerga jarriko dio eta 125 euroko tasa ordaindu beharko da urteko eta animalia bakoitzeko.
Udal Kiroldegiaren erabilerari eta Musika Eskolari dagozkien tasak %4 igoko dira batez beste; erabiltzaileek ordaintzen dituzten tarifen igoeran eragingo du honek. Zerbitzu hauen igoera «defizita orekatzeko» saiakera dela adierazi du Carrera idazkari kontuhartzaileak; diru sarrerak eta irteerak parekatzea lortzen ez den arren, udal zerbitzu hauek eragindako gastuen zati bati aurre egin ahal izateko zergak biltzea ahalbidetuko dio honek udalari.
Udal ordenantza fiskalek jasotzen dituzten tasak eta zergak dira 2015eko udalaren aurrekontuak osatzeko diru sarrera nagusiak, aldundiaren ekarpenarekin batera. Eskualdeko gainontzeko udalen joera zergak eta tasak izoztea izan da. Azkoitiko, Zestoako eta Zumaiako udaletan, esaterako, mantendu egingo dira.