Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eguneroko funtzionamenduan Eskolako Agenda 21 programak markatzen dituen irizpide jasangarriak koherentziaz aplikatu dituelako, Eskola Jasangarriaren Ziurtagiria emango diote Orioko Ikastola Kooperatiba Elkarteari bihar, 25 urte jasangarritasunaren alde ekitaldiaren barruan. Ekitaldi horren helburua ingurumen hezkuntzaren inguruan lan egin dutenen errepasoa egin eta etorkizuneko nazioarteko ikuspegia aurkeztea da, ziurtagiriak banatzeaz gain.
Ikastolatik jakinarazi dute ziurtagiri hori lortu duen Orioko zentro bakarra dela, eta beraz, "egun garrantzitsua" dela ikastolarentzat. Behin ziurtagiri hori jasota, IRAES21 Iraunkortasuneko Eskolen Sarean sartuko da. Donostiako Kursaal jauregian izango da hori, 17:30etik aurrera. Iñigo Urkullu lehendakariak emango die ziurtagiria Orioko Ikastolako ordezkariei. Era berean, ikastolatik bertatik sortutako Uhats taldeak Oria Ibaia abestia kantatuko du.