Etxebizitzak alokatzeko diru laguntzak eskatzeko epea luzatu du Azpeitiko Udalak

miriam tamayo 2014ko azaroaren 4a

Azpeitiko Udalak udara aurretik aurkeztu zuen gazteek etxebizitzak alokatzeko diru laguntzen proiektua. Eskaerak egiteko epea amaituta, 41 eskaera aurkeztu dira udaletxean. Udalak positiboki baloratu du erantzuna eta emaitza «ona» dela esan du. Hala ere, diru laguntza horiek eskatzeko informazioa «berandu iritsi» dela jakinarazi du, eta herritar gehienei ez zaiela zabaldu azpimarratu du. Horregatik, etxebizitzak alokatzeko diru laguntzen epea luzatzea erabaki du Azpeitiko Udalak, eskaera berriak onartzeko asmoz. Diru laguntzak eskatzeko epe berria abenduaren 30ean amaituko da. Azpeitiko Udalak argitu duenez, gehienez 34.000 euro banatuko dira epealdi berri honetan. Laguntzetarako baldintzak Alokairuak ordaintzeko laguntzak eskatu eta jaso ahal izateko, hainbat baldintza bete behar dira. Alde batetik, Azpeitian gutxienez hamar urte erroldatuta dauden 18 eta 35 urte bitarteko herritarrek dute laguntza hauek eskatzeko aukera. Eskaria banaka egiten dutenek, gehienez 28.000 euroko diru sarrerak izan behar dituzte, eta bi edo gehiagoren kasuan, 35.000 euro baino gutxiago. Bestetik, alokairuaren errentari dagokionez, ekaina aurretik sinatutako kontratuak gehienez 650 eurokoak izan behar dira, eta ekaina ondoren sinatutakoak, berriz, 550 eurokoak. Azpeitiko Udalak errentaren %50 ordainduko du, gehienez 250 euro, eta Alde Zaharrean kokatuta dauden etxebizitzak alokatzen dituztenei 50 euro gehiago emango dizkie, eta gehienez 300 euro jasotzeko aukera izango dute. Laguntzaren epealdia urtebetekoa izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide