LED argiak jarriko dituzte Zarautz ekialdean

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 4a

Hilabete honetan ekingo diote hirugarren faseari. Fase horretan Bertsolarien plazatik hasi eta Aiala sukaldaritza eskolaraino arte argiztapen sisteman jarriko dituzte LED argiak. Modu horretan, Gipuzkoa kaleko zati bat, Nafarroa kalearen beste bat, Bertsolarien plaza, Pontarlier plaza eta inguruko kaleetan jarriko dute argiteria mota hori. 120.000 euroko arurekontua izango du horrek. Kopuru horren erdia, 65.000 euro inguru Gipuzkoako Foru Aldundiaren zein EEE Energiaren Euskal Erakundearen diru laguntzen bidez finantzatuko da. Behin lanak amaituta, LED argien erabilerak argindar kontsumoa nabarmen jaitsiko duela nabarmendu dute Zarauzko Udaletik. "Kontrakoa pentsa badaiteke ere", LED sistemak ez duela kaletako argitasun maila murrizten adierazi dute erakundetik. Hain zuzen, egun indarrean dagoen argiteria araudia betetzen duela dio, "eskatzen diren LUX kopuruak bermatuz eta gaindituz". Era berean, kutsadura luminikoa murrizten dela ohartarazi dute, goranzko argiteria murriztuz. Lan horiek eginda, Ehuntzen planeko 2. puntua betetzen jarraituko du Zarauzko Udalak, alegia, "argindar hornidura aurrezteko LED eredua herrian zehar zabaltzen". Aurrez ere LED argiak jarri ditu Zarauzko Udalak herriko zenbait gunetan, eta emaitza "oso onak" eman dituela adierazi dute. Abendañon eta Gipuzkoa kalean egindako aldaketei esker, urtean 142 Mwh (Miloi edo mega watio orduko) aurreztu direla adierazi dute, 31.712 kilogramo CO2 gutxiago isuri direla eta 28.962 euro gutxiago ordaindu dutela energiaren faktura. Fase berriarkekin are gehiago aurreztuko dutela aurreikusi dute. Zentzu horretan, datozen urteetan ere LED sistema herrian hedatzen jarraituko du Zarauzko Udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide