Berriari eta Hamaikari 5.000na euro emango dizkie Zarauzko Udalak

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 3a

"Euskalgintzan duten eraginagatik eta sektore horretako erreferentzia nagusiak izaki", Berria egunkariaren eta Hamaika telebistaren biziraupena "baldintza duinetan" berma dezan eskatu dio Zarauzko Udalak Eusko Jaurlaritzari. Era berean, komunikabide bakoitzari 5.000 euroko publizitate laguntza emango dizkio udalak, #BabestuBerria kanpainaren barruan. EH Bilduk aurkeztu zuen euskal hedabideei babesa emateko mozioa aurreko asteko udalbatzarrean. Egunkaria auziaren absoluzioaren berri jakin ondoren, Jaurlaritzak Berriari eta Hamaikari diru laguntza murriztu izangatik kexatu ziren mozio horren bitartez, eta erakunde horri eskatu zioten bi komunikabideei eman beharreko diru laguntza "gutxienez iazko kopuruetara itzul dezala". Era berean,  Iñaki Uriari eta Egunkaria auzian auzipetutako guztiei elkartasuna eman zioten mozioa horren bidez,"hamaika urteko ibilbide honetan egunkariaren itxiera, atxiloketa, torturak, kartzelaldia pairatu behar izan" dutelako, "batere justiziarik gabe". Gari Berasaluze zinegotziak esan zuen Egunkaria auziaren absoluzioa "berandu" datorrela, baina "Egunkaria izan zenagatik", eskerrona eman zien kazeta horretan aritu ziren zarauztarrei. "Egunero euskaraz bizi daitekeenaren adibidea izan zarete". Ezker Anitzako Mariana Aranburuk, PSE-EEko Patxi Elolak eta EAJko Imanol Lasak mozioa puntuzko bozkatzeko eskatu zuten. Komunikabideei babesa agertzeko "arazorik ez" zuela nabarmendu zuen Aranburuk, baina bukaerako puntuak—udalak diru laguntza ematearena, Eusko Jaurlaritzak laguntza murrizteagatik kexatzea eta horri diru laguntza iazko kopuruetan itzultzeko eskatzea, besteak beste—"beste gai" bat zirela. Lasak Egunkariaren inguruko "amesgaiztoa" eta diru laguntzen gaia nahastea "izugarrizko astakeria" dela nabarmendu zuen.  Elolak PSE-EEko ordezkariak puntu batzuen alde egitekoak zirela nabarmendu zuen, baina Udal Gobernuak "ez zuela nahi" adostasunik lortu. Ezetz erantzun zien Berasaluzek: "Erraza da babesa agertzea, jaurlaritzak ere eman dio baina gero, egiaren orduan kolpea dator. Egunkari batzuk itotzeko modu asko daude, eta bat diru laguntzak murriztea da. Puntuz puntu bozkatzeak ez du zentzurik". Mozio horren bidez "beste zerbaitetaz" ari direla ohartarazi zuen: "euskal komunikabideak ekonomikoki itotzeaz", zehazki. Gehiengoz onartu zuten mozioa. Ezker Anitzako zinegotzia abstenitu egin zen eta PPk, PSE-EEk eta EAJk kontra bozkatu zuten. Alkatearen kalitatezko botoarekin atera zen aurrera mozioa. Beste mozio bat Maria Jose Lafuente PPko ordezkaria komunikabideak laguntzearen alde dagoela nabarmendu zuen, baina euskarazko zein gaztelaniazko komunikabideak, biak lagundu behar direla zehaztu zuen. Mozioa puntuz puntu bozkatzeko aukerik ez zegoelako  abstenitu zen Aranburu: "Mila aldiz adierazi dugu adierazpen askatasuna defendatzen dugula. Baina diru laguntza ematearena beste eztabaida bat da, beste nonbait eztabaidatzeko gaia". Elolak gogoratu zuen  Egunkaria itxi zuten urte berean hil zuela ETAk Joseba Pagaza. "Berriari eta Hamaikari babesa ematea diru kontua baldin bada, zuek erabakiko duzue. Baina zenbat diru  kostatuko luke  Josebari gertatutakoak? Diruarekin konpondu nahi al duzue guztia? Ez duzue gure babesik izango". Lasak "maltzurkeriarekin" egindako mozioa zela salatu zuen, EH Bilduk ez zuelako gainontzeko alderdien adostasunik lortu nahi izan. "Berriak, Egunkariak eta Iñaki Uriak ez dute halako moziorik merezi", nabarmendu zuen: "Ez dute merezi egunkari baten itxiera eta bertako langileek jasan zutena diru laguntza batzuen borrokarekin nahastea". Hori dela eta, hurrengo hilabeteetan beste mozio bat aurkeztuko dutela ohartarazi zuen: "Gu ez gara tranpa horretan eroriko". Eusko Jaurlaritza Berriari ematekoa den diru laguntza aurten mantendu egin duela gaineratu zuen, "krisi egoeran ere", eta diru laguntzak emateko irizpideak direla aldatu direnak. "Berriak EAJren laguntza behar izan duenean, hor egon da".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide