2015ean hasiko dira Zarauzko Abendaño eta Errotaberri AP-8 errepidearekin lotzen

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 1a

zarautz-2.1

Hemezortzi hilabete iraungo dute AP-8 autobidea Errotaberri eta Abendaño industrialdeekin lotzeko obrek: 2015 bukaeran hasi eta 2017erako lan guztiak amaituz. Horren helburua mugikortasuna hobetu, zama handiko kamioiak Zarauzko herrigunetik atera eta bi industrialdeak indartzea da. 12 milioi euroko (BEZ barne) kostua izango du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du osorik. 2015eko aurre- kontuetan jaso du diru partida bat lan horiek egiteko. Aldundiak 2011n proiektu desberdina aurkeztu zuen Zarauzko saihesbiderako. Desjabetzeak egin zituzten eta aldizkari ofizialean argitaratu zen milioi bat euro bideratuko zela proiektu horretara. Ordea, aldundi berriak proiektu hori berraztertzea erabaki zuen, esanez kostu handia zuela—30 milioi eurotik gorako aurrekontua—; ingurumenean eragina zuela; ez zituela egungo beharrak asetzen; beste lehentasun batzuk bazeudela (ongizatea, esaterako), eta zegokion administrazioaren baimenik ez zuela. Horregatik, proiektu hura atzera bota zuen aldundiak, eta berri bat hasi zen aztertzen Zarauzko Udalarekin batera. Horretarako irizpide batzuk ezarri zituzten. Batetik, azpiegitura berriak Errotaberri eta Abendaño industrialdeetarako sarbide zuzena bermatu behar zuela adostu zuten, industrialde horiek indartu eta kamioi astunak herrigunetik ateratzeko. Eta, bestetik, Abendañoko eta Errotaberriko langileei beste bide bat eskaini behar ziela ere ezarri zuten. Gaur egun beharginek industrialdeetara sartzeko aukera bakarra dute: La Salle ikastetxe azpiko pasabidea erabili behar izaten dute. Proiektu berriarekin, Frantzeskua baserriaren ondoko bidea, Ariziara doana, aprobetxatu ahalko dute. Bertan biribilgune bat eraikitzekoak dira, Errotaberrira eta Abendañora ez ezik, udalerriko hegoaldera ere sarrera egokituz. Horrez gain, beste pasabide bat egokituko dute ekialdera, AP-8 autobidetik. Ordaintoki berria Mugikortasuna hobetzeko, halaber, Bidegi aldundiarekin batera aztertzen ari da sarbide berri bat egitea Zarautzen. Meaga azpian eraikitzekoak dira ordainleku berria, Igerain aterpetxearen alboan. Sarbide horrek Vista Alegre auzo ingurua AP-8 autobidearekin lotuko du, eta ondorioz, errepide horretako zirkulazioa bitan banatu. Egun ekialdeko ordainlekutik  sartu ohi dira ibilgailuak, eta mendebaldean biltzen da zirkulazio dentsitate handiena, Alde Zaharra, Salbide eta Azken Portu inguruan. Mendebaldeko ordaintoki berriarekin, zirkulazio arazoak murriztuko dituela aurreikusi dute. Era berean, Getariara jo nahi dutenek ere zuzeneko sarbidea izango dute, herri osoa gurutzatu beharrean. Zarautzera ekialdetik sartu eta mendebaldean ateratzen direnek, hau da, egungo ordainlekutik pasatu eta ordainleku berritik igarotzen diren erabiltzaileek, ez dute ordaindu beharko ordainsaririk. Bi proiektuek— industrialdeetara sarbideak eta ordainleku berriak— guztira 20 milioi euroko kostua izango dute, «saihesbidearen aurreko proiektuaren bi heren». Horrekin batera, Nafarroa kalean oztopo gehiago jartzeko asmoa dute, zebrabide kopurua areagotuz eta bizikletentzat bide berriak atonduz, besteak beste. Hala, udalerriko errepide nagusiko zirkulazioa arindu, mugikortasuna hobetu eta bide hori herritartzea da helburua.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide