[caption id="attachment_113601" align="aligncenter" width="300"]

Amubieta eta Aldalur Euskal Herriko dantza sueltoko txapeldunak (Goierriko Hitza).[/caption]
Amets Amubietak (Azpeitia, 1997) eta Maialen Aldalurrek (Azpeitia, 1996) irabazi dute igandean jokatutako 38. Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketa.
Seguran txapela eta zapia eramateaz gain, beraien senideen eta azpeitiarren zorionak jaso zituzten: «Txapelketa amaitu ondoren, jende ugariren zorionak jaso genituen, eta hori asko eskertzen dugu. Gurasoak beti egon dira gurekin eta eskertzekoa da beti eman izan dizkiguten animoak», adierazi dute Ambubietak eta Aldalurrek.
Bi azpeitiar gazteen arabera, ez zuten irabaztea espero, finaleko maila «oso altua» baitzen: «Bagenekien irabazteko aukera zegoela, baina hala ere guretzako sorpresa bat izan da. Denok izaten dugu Euskal Herriko Dantza Txapelketa irabazteko nahia, garrantzitsuena da eta».
Bakarkako entseguak
Dantza txapelketa guztietan ahaleginak egiten dituztela adierazi dute: «Txapelketetan ez dute ezer oparitzen, eta akats txiki baten ondorioz atzera egin dezakegu. Beraz, txapelketa guztietan ahal dugun ondoena egiten saiatzen gara», azpimarratu du Amubietak.
Txapelketa honetarako entseguak bereziak izan dira. Izan ere, irailean Aldalur Bartzelonara (Katalunia) joan zen unibertsitateko ikasketak hastera. Horren ondorioz, bakarkako entseguak egitea tokatu zitzaien: «Unibertsitatera joan baino lehen Ametsekin entseatsen nuen, baina ikasketak hasterakoan, Bartzelonan bakarrik entseatu dut, eta Ametsek gure irakaslearekin egin du», argitu du Aldalurrek.
Bakarrik entseatzea «aspergarriagoa» eta «gogorragoa» dela azaldu du: «Bakarrik entseatseak sakrifizio handia eskatzen du, baina Ametsek eta biok bat egin dugu beti, eta hilabete batean hori ez da galtzen». Amubietaren arabera, oraingo entseguak salbuespen bat izan dira, «oso ondo» atera arren.
Normalean astean bitan entseatzen dute, baina txapelketaren bat gerturatzen den heinean, sarriago aritzen dira: «Ahal genuen entsegu guztietara joaten ginen. Biok saskibaloian jokatzen genuen, eta horrek denbora asko kendu izan digu», dio Aldalurrek.
Etorkizuna airean
Aurtengo Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketako irabazleen arabera, «oso gustura» egiten dute dantza. Aldalurrek dioenez, dantza «zaletasun» bat da, eta nahiz eta Bartzelonan egon, ez dio dantza egiteari utzi nahi: «Bartzelonako Euskal Etxean baldin bada ere, dantzatzen jarraitzea gustatuko litzaidake. Helduago garenean ikusiko dugu». Amubietak, berriz, dantza eskoletara «gustura» joaten dela dio, baina etorkizunean zer egingo duen argi ez duela aitortu du: «Une honetan lortu duguna gozatu eta pixka bat lasaitzea nahi dut».
Aurrerantzean dantza txapelketetara aurkezten jarraituko duten ala ez erabaki behar dutela adierazi dute: «Ni Bartzelonan nago eta Amets Azpeitian. Ikusten garenean zer egin erabakiko dugu. Horrela jarraituz gero, txapelketak hasi baino lehen Azpeitira joango nintzateke, baina aparte entseatu beharko genuke. Hilabete batean egin dezaket, baina urte osoa gogorra egiten da», azpimarratu du.