Elkanoko frontoia eta lokala egiteko lanak urtea bukatu aurretik hasi nahi dituzte

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urriaren 22a

[caption id="attachment_113595" align="aligncenter" width="300"]Elkano auzoa (Aiora Larrañaga/Hitza). Elkano auzoa (Aiora Larrañaga/Hitza).[/caption] Elkanoko auzotarrek aspalditik aldarrikatzen dute auzoan pilotaleku estali baten beharra. Aiako EAJk herritarren eskaera kontutan hartu zuen, eta 2014ko udal aurrekontuan txertatu zuen proiektua. Azken hilabeteetan, proiektuarekin aurrera egin ahal izateko erakundeen baimenen zain izan da Aiako Udala, eta horiek lortuta, Elkanoko frontoia egiteko obren lizitazioa eta lurren desjabetzea onartu zuen urriaren 13ko udalbatzarrean. EAJk urgentziazko proiektu izendatu du, eta urtea amaitu aurretik obrekin hasteko asmoa du. Une honetan obra egin nahi duten enpresen eskaintzak aztertzen ari da udala. «Proiektu garrantzitsua da Elkano auzoarentzat. Askotan bildu izan gara auzotarrekin, eta urtero-urtero eskaera bera nabarmendu izan dute: pilotaleku eta lokal baten beharra, hain zuzen ere», azaldu du Igor Iturain Aiako alkateak. Bildu, ordea, ez dago ados proiektuarekin, eta aurkako botoa eman zuen proiektuaren bozketan. «Kostu ekonomiko handia du Elkanon pilotalekua eta lokala egiteak, eta uste dugu une honetan herriarentzat ez dela lehentasunezko proiektua», azaldu du Aritz Arruti Bilduko kideak. Bi aurrekontu Lehentasuna ez izateaz gain, Aiako Bildu ez dago ados EAJk proiektua aurrera ateratzeko erabili duen prozedurarekin, eta adjudikazio prozesuan «gardentasun falta» izango dela uste dute. Elkanoko proiektuaren aurrekontua bi zatitan banatu du Aiako udal gobernuak; alde batetik frontoia eta elkartea, eta bestetik sabaia. Obra bat milioi bat euro baino gehiago kostatzen denean, baldintza zehatzak ezartzen zaizkie enpresei; «lanak lehiaketa publikora ateratzen dira eta puntuazio altuena duen enpresak egin behar izaten du lana», azaldu dute Bildutik. Aurrekontua bi zatitan banatuta, ordea, obren adjudikazioan «zuzenean alkateak negoziatzeko eskumena» izango duela salatu du Bilduk. «Baina, berez legeak ez dio ematen negoziatzeko eskumenik proiektu osoaren aurrekontuaren zenbatekoa handiegia delako. Horregatik zatitu dute bi zatitan». Bilduren ustez, hori ez da prozedura zuzena. Igor Iturainek zehaztu du frontoiko teilatuak aparteko aurrekontua izateak baduela arrazoia. «Teilatua berezia izango da, horregatik garrantzitsua iruditu zaigu mota horretako lanetan esperientzia duen enpresa kontratatzea. Hori da aurrekontua bi zatitan banatzearen arrazoia». Hala, nabarmendu du pilotalekuak eta lokalak 771.914,09 euroko kostua izango duela eta sabaiak 115.000 eurokoa. «Bi aurrekontuak bateratuta ere obra ez litzateke milioi bat eurotara iritsiko, eta adjudikazio prozedura oraingo bera izango litzateke».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide