Aldundiak bilerak egingo ditu herritarrekin, Osinbeltzeko biltegiaz informatzeko

Zestoako Hitza 2014ko urriaren 21a

Hurrengo astetik aurrera astean bi bilera egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrekin, Zestoako Osinbeltz harrobian egingo duten hondakin geldoen biltegiari buruz informatu eta herritarren zalantzei erantzuteko. Herrigunean nahiz auzoetan egingo dituzte bilerak, eta lehenengoa hurrengo asteartean izango da. Zestoako kiroldegian elkartuko dira, eta urriaren 30ean Iraetako Gure Ordeka elkartean egingo dute bilera. Azaroaren 4ean, Aizarnako kultur etxean elkartuko dira, eta azaroaren 6an Arroa Goiko kultur etxean. Arroa Beheko kultur etxean, berriz, azaroaren 11n egingo dute batzarra. Bilera guztiak 19:00etan izango dira. Zestoako Udalak eman du bileren berri, eta azpimarratu dute zestoarrek "informazio guztia" izan behar dutela prozesuan zehar. "Proiektua eta xehetasunak ezagutu behar ditugu, Eusko Jaurlaritzaren iritzia ere bai—hark ematen duelako ingurumen baimena—, Europako antzeko biltegien berri ere izan nahi dugu, eta informazio hori herritarrekin partekatu". Gaiarekin "oso zorrotzak" eta "exijenteak" izango direla berretsi dute. Hain zuzen, aldundiak akordio bat sinatzeko proposamena eskatu dio udalari, Zestoak "bermeak" izan ditzan. Oraindik ez du erantzunik eman udalak, eta gaia "ondo aztertu" behar duelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide