Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abenduaren 23tik aurrera ez da hondakinik botako Zarauzko Urtetara. Ezta Azpeitiko Lapatxen 2015eko apiriletik aurrera ere. Beasaingo Sasieta ere datorren urte bukaeran itxiko dute. Ordutik aurrera emango diren pausoei buruz jardun du Amaia Gurutzeta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak.
Aurrera eraman dituzuen kanpainei esker ahalbidetu da, neurri batean, Urteta ixtea. Nola izango da prozesua?
Abenduaren 23tik aurrera ez da hondakinik isuriko Urteta zabortegira. Behin hori itxita, ordura arte bertara bota diren hondakinak estaltzeko lur kapa bat jarriko da lehenbizi. Era berean, zigilatzeko proiektua jarriko da abian, behin-behinekoa. Urte bukaeran izango da hori. Behin hori eginda, hainbat materialez osatutako estalki bat jarriko da, eta bost urtez lagako da hori, hondakinak egonkortu daitezen. Bost urteren buruan, jaitsi egingo da hondakinen bolumena. Orduan zigilatu ahalko da zabortegia behin betiko. 30 urtez iraungo du prozesuak. Horregatik diogu hori ez dela gure eredua; mendi bat kutsatu dugu orain arteko ereduarekin.
Nora eramango dira ordura arte Urtetara bideratu diren hondakinak?
Azpeitiko Lapatxera. Gaur egun Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako hondakinak hartzen ditu Urtetak, baita Txingudikoak eta San Markokoak ere. Guztira, 94.000 tona hondakin urtean. Abenduaren 23tik aurrera, hasieran Lapatxera eramango dira hondakinak. Apirilean, hori ixten dutenean, Beasaingo Sasietara bideratuko dira. Hori 2015 urte bukaeran ixtea aurreikusi da, eta ordurako martxan izango da Zubietako tratamendu mekaniko-biologikorako planta. Bertan Gipuzkoako hondakin guztiak hartu eta tratatuko dituzte. Behin hondakinei tratamendu osoa egin eta guztiz sailkatu ondoren, geratu den errefusa hori konpostatu egingo da. Egonkortu eta bizitza galduko du; inertizatuta geratuko da. Tratamendu osoa egingo bazaio ere, zikina egongo da masa hori, dena nahasita egon delako; plastiko eta beira zatiak izango ditu. Horregatik ezingo da nekazaritzarako erabili . Hala ere, ez da kutsagarria izango eta ez du usainik izango; azkenean, etxean egiten den konpostaren berdina izango da. Hori Zestoako hondakin geldoen biltegian gordeko da.
Nor arduratuko da hondakinaren garraioaz?
Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioari eskatu diogu eskualdean egiteko transferentzia planta bat. Biltzen diren hondakin guztiak prentsatuko dira bertan, bolumena gal dezaten, eta hala garraioan aurreztu egingo da.