"Eskualdean ez gaude prest atez atekoa jartzeko, eta hori errespetatuko dugu"

Urola Kostako Hitza 2014ko urriaren 21a

Hondakinen arazoari «eskualde mailako erantzuna» eman nahi dio Urola Kostako Udal Elkarteak. Egungo hondakin bilketa sistemen kontrola areagotuko dute,  «gradualki» eta «aldaketa traumatikorik egin gabe». Zumaian emango dute lehenbiziko pausoa, urte amaierarako, errefusa eta organikoa txipdun ontzietan jasoz. Ondoren Zarautzen txanda izango da, eta gero gainontzekoena: Aia, Getaria eta Orio. Amaia Gurutzeta udal elkarteko lehendakariak sakondu du gaian. [caption id="attachment_113509" align="alignleft" width="200"]Amaia Gurutzeta (A. Ventas/Hitza) Amaia Gurutzeta (A. Ventas/Hitza)[/caption] Eskualde mailako erantzuna emango diozue hondakinen aferari. Nola? Zarautzen eta Zumaian Hondakinen Mahaiak sortu ziren, eta hainbat puntu zehaztu zituzten.  Gure asmoa da hori guztia bateratzea, eta sistema bat jartzea denentzat. Helburua sistema eraginkorragoa izatea da, eta bilketaren kalitatea hobetzea. Hondakinen %70 birziklatzera heltzea da erronka, ezta? Bai, hori jaso da akordioetan. Zumaian %80 birziklatzera heltzea da asmoa, eta Zarautzen %70eko tasara. Ikusi dugu edukiontzien bidezko sistemarekin ezin dela helburu horietara iritsi, beste herrietan atez atekoarekin lortu duten moduan. Horregatik hobetu nahi dugu egungo sistema, ahalik eta tasa altuenak lortze aldera. Atez atekoa baztertu egin duzue, hortaz? Azterketak egin genituen eta ondorioztatu genuen bideragarriagoa zela atez ateakoa, eta ekonomikoki eraginkorragoa. Ikusten da beste zenbait herritan tasa txukunak lortu dituztela atez atekoarekin; %80-90eko birziklapen mailara heldu dira asko. Baina hemen ez da adostasunik lortu. Eskualde honetan ikusi dugu ez gaudela prest atez ateko sistema jartzeko, eta hori errespetatu nahi dugu. «Aldaketa traumatikorik eman gabe» egingo dituzue hobekuntzak. Hori da, aldaketa traumatikorik egin gabe, egungo sistema hobetuko dugu, emaitza hobeak lortzeko. Hobekuntza horiek zehazten ari gara orain. Azterketa bat martxan dugu dagoeneko, eta dena guztiz josita dugunean jakinaraziko ditugu zeintzuk izango diren aldaketa horiek. Hala ere, zenbait puntu zehaztu dituzue dagoeneko.   Bai, edukiontziak txip bidezko sistemarekin ireki ahalko dira. Bestalde, atez ateko bilketa egingo dugu industrialdeetan, baita ostalaritza eta merkataritza alorretan ere. Zumaian egingo dituzue lehenbizi aldaketak. Zergatik aukeratu duzue herri hori? Baldintzak ematen dira herrian. Aspaldian aldaketak ematen ari dira, aspaldi sortu zuten Hondakinen Mahaia eta zenbait akordiotara heldu dira. Zentzu horretan, herria prest dagoela uste dugu. Pausoz pauso joango gara, esan bezala, aldaketa drastikorik egin gabe. Asmoa da 2014a amaitu aurretik egitea aldaketak Zumaian, eta ondoren Zarautzen. Gerora egingo ditugu aldaketak gainontzeko hiru herrietan. Horren harira, jarraipen talde bat ere sortuko duzue, ezta? Zein izango da horren funtzioa? Talde tekniko-politiko batek osatuko du jarraipen mahai hori, eta aplikatu nahi ditugun hobekuntza horien lehenbiziko argiak mahaian bertan piztuko dira. Mahai horretan zehaztuko da nola hobetu daitezkeen egungo sistemak eta behin aldaketak egin ostean, jarraipena ere egingo die. Laster aurkeztuko dugu talde hori. Hondakinen gaiari eskualde mailako erantzuna emateaz gain, errefusaren bilketa ere Urola Kostako Udal Elkarteak hartuko du bere gain. Egun Urola Kostako Udal Elkartea arduratzen da gaikako bilketaz, eta udal bakoitzak eramaten du errefusaren kudeaketa. Herri bakoitzak du bere kontratua eta bakoitzak ordaintzen ditu tasak. Asmoa da orain bost udalerrietako errefusaren bilketa bateratzea eta kontratu bakar bat egitea, kostuak murriztuz eta bilketa eraginkorragoa eginez. Aurrerantzean udal elkarteak hartuko du bere gain hori. Horretarako estatutuak aldatu beharko dira, estatutuetan esaten delako herri bakoitzak jaso behar duela toki bakoitzean sortutako errefusa. Azken urteetan hainbat kanpaina egin da, eta zuen datuen arabera, 2010ean hondakinen %25 birziklatu bazen, aurten lehen seihilekoan tasa %44koa izan da. Zeintzuk izan dira mankomunitatetik emandako pausoak  hori lortzeko? Ikastetxeetan, Agenda 21aren barruan hondakinen sorrera gutxitzeko tailerrak egin dira, eta baita zabortegira bisitak ere. Era berean, urtero kanpaina bat egiten dugu, eta aurten arraindegietan plastikoa gutxitzeko Ontziratu zaitez jarri dugu abian. Ontzi arinak murrizteko eta beira birziklatzeko kanpainak ere egin ditugu udan. Halaber, legealdi hasieran konposta programa bat jarri genuen martxan, eta arlo horretan kanpaina asko egiten ditugu. Horri esker, gaur egun 790 familik konpostatzen ditu hondakin organikoak. Azaroan jarriko dugu ondorengoa martxan. Hori familiei eta ikastetxeei egongo da zuzenduta. Dagoeneko hamahiru zentro gonbidatu ditugu parte hartzera. Honekin organikoa bidetik kendu nahi dugu. Izan ere, oraindik ere errefusaren edukiontzira botatzen dugunaren %50 da organikoa. Hori ez bada botatzen edukiontzi marroira, kudeaketan eta garraioan aurreztuko dugu. Horregatik, beti da eraginkorragoa norberak bere hondakinak etxean konpostatzea. Horrez gain, beste hainbat kanpaina jarriko dituzue martxan laster udal elkartetik. Bai. Batetik, arroparen edukiontzia aldatuko dugu. Aho gehiago jarriko dizkiogu, eta arropaz aparte, etxetresna elektriko txikiak ere bota ahalko dira bertara. Horiek Garbigunera eraman daitezke gaur egun, baina bidea erraztu nahi diegu herritarrei. Bestetik, Zarauzko eta Zumaiako Garbiguneen kanpoaldean kaiola moduko bana jarriko da. Horien barruan hozkailu bana egongo da, eta arraindegietako langileek giltza bat izango dute, ahal dutenean arraindegietan sortutako hondakinak bertan utz ditzaten. Ondoren, kanpoko enpresa batek jasoko ditu hondakin horiek, eta behar duen tratamendua emango die.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide