Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ume zela perretxikozaletu zen Jaime Olaizola. «Gogoan dauzkat Odieta frontoian egiten ziren perretxiko erakusketak, eta etxean ere baziren zenbait liburu. Manuel Beobidek oparitu zidan lehen liburua, Iberduerok argitaratu zuena. Zaletu egin nintzen». Aurrerago, baso ingeniaritza ikastera joan zen Palentziara (Espainia), eta han Juan Andres Oria irakasleak bultzatu zuen mikologian sakontzera. «Ikasketak amaitu nituenean beka bat lortu nuen dotore tesia egiteko, perretxiko eta onddo mikorriziko jangarrien inguruan». Enpresa bat sortu zuten 2009an hiru bazkideren artean, eta Palentzian daukate egoitza nagusia eta laborategia.
Etekin komertzialaz gain, Olaizolak uste du kontrolatutako ekoizpena aukera ona dela basoek gaur egun jasaten duten gehiegizko ustiatzea saihesteko. «Perretxikoak biltzeko zaletasun handia dago, baina arazoa da gero eta jende gehiago doala basora, askotan itsu-itsuan, ahalik eta gehien biltzera. Eta gainera, lauzpabost espezie baino ez dituzte ezagutzen. Ezjakintasunak presio handia eragiten du espezie gutxi batzuengan».