Aldameneko herri batzuetan ez bezala, uste nuen Zarautzen libre ginela, baina ez: gure uretaraino —oso maritimoa baita— ere iritsi da olatu nabarraldista. Parrokiako kanpandorrean, Hiri Dorrea den horretan, plaka bat ezarri dute. Plakak dioenez, duela zortziehun urte gure Zarautz maite hau “Ipuzkoa izeneko bailaran” kokatua zegoen —Ipuzkoa izeneko bailaran, helduionk horri!—, eta Nafarroako Erresumako parte ginen.
Biba Pellot biba festa.
Plaka jartzeko ekitaldian txistulariak izan ziren eta aurreskua dantzatu zuten, ez dakit bertsolariren bat izan ote zen, jota bat kantatzea ez zitzaiela okurritu uste dut eta, erabateko solemnidadea emateko, meza egitea falta izan zitzaien. Ez dakit zergatik ez zuten egin, kontuan hartuta Nafarroako Erresumako parte izateaz gain, ez dakit zein elizbarrutiko parte ere izango ginen Ipuzkoa izeneko bailara honetan, duela 800 urte. Nafarrak eta oso katolikoak, eta apostolikoak eta erromatarrak. Eta hori orain ere bai, Gaztelaren konkistaren ostetik ere ez dugu galdu.
Plakaren ondoren, auzo herrietan ikusitakoak ikusita, imajinatzen dut Nafarroako banderarena etorriko dela. Udaletxe aurrean jarri duten ikurrina handia bezain altu jartzea eskatuko dute. Geure ikurrak. Bat ez, bi bandera izango ditugu euskaldunok, guk daukagu suertea guk. Banderari zin egitea ofizialtzen den egunean problemak, aukera boluntarioa izango ote den… Desfilea Nafarroa kalean, bai horixe, hortxe baitugu “gure” erresumaren izen ofiziala herriko kale printzipalean (nahiz eta izena ez izan Erdi Arokoengatik, 36an tiroka etorri zirenen omenez baizik, baina ahaztu ditzagun detalle horiek, hori ez da historia, historia XIII. mendean dago, eta XVI.ean…).
Hurrengo pausoa ez dakit zein izango den, ezin baita jakin gure iraganak zer ekarriko digun.
Zerbait hagitz nafarra, hori bai.
Ipuzkoa izeneko bailaran.
Mikel Elortza. Zarautz
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide