Urriaren 25ean eta 26an ospatuko da Zezen Beltz elkartearen asteburua

admin 2014ko urriaren 17a

IMG_2279 Zezen Beltz Azpeitiko elkarteak ekitaldiz beteriko asteburua antolatu du hurrengo asterako.  Elkartekoen arabera egitarau "oparoa" antolatu dute eta jendearen "gozagarri" izango dela diote. Entzierro txikia, zezen txikiak eta pottokak, boladun zezenak, janari dastaketa eta Grand Prix-eko jolasak egongo dira, besteak beste. Ospatzen den seigarren asteburua da eta aurtengo berritasun nagusia antolatu duten Grand Prix ikuskizuna da. Antolatzaileek diotenez, "zerbait ezberdina" egin nahi zuten aurten, eta horrelako jolasetan "ezpezializatua" den enpresa batekin jarri dira kontaktuan: "Jolasak ikusgarriagoak izango dira eta ikuskizun polita biziko dugu". Ikuskizuna ikusteko sarrera 3 eurokoa izango da. Antolatzaileek deialdi zabala egin dute "nahi duenak" parte hartzeko aukera izateko. Elkartetik diotenez, Azpeitiko eta inguruko gazte ugarik eman dute izena. Aurtengo ekintzen artean sokamutur txikia ere egongo da baina Azpeitiko plazako obrak hasi direnez, aldaketak egon daitezke. Elkartetik esan dutenez, sokamutur txikia plazan ezin bada egin, Done Jakue kalera eramango dute. Sokamuturra ondoren zezen txikiak eta pottokak egongo dira eta kale horretara eramango dituzte. Hala ere, ondorengo egunetan jakinaraziko dutela diote Zezen Beltzetik. Txahal saiheski eta oilasko erreketa berriz, plazan izango da eta euria eginez gero Sanagustinpera eramango dute. Ekintza hauek guztiaz gain, sokamuturreko irudi zaharren eta Zezen Beltz elkarteko ekitaldien bideoak ikusi ahal izango dira Sanagustin Kulturguneko telebistan eta sarreran. Erakusketa urriaren 23tik 26ra egongo da ikusgai. Antolatzaileek diotenez, duela 5 urte egin zuten horrelako erakusketa eta jendeari "asko" gustatu zitzaielako berriro egitea erabaki dute. Baita ere, elkarteak daraman ibilbidea erakusteko aukera bat dela adierazi dute. Aurrera begira Zezen Beltz elkarteak, helduen entzierroa egiteko nahia azpimarratu du: "Aurten egiteko asmoa genuen baina arazo teknikoen eta denbora faltaren ondorioz, ez egitea erabaki dugu. Hala ere, aurrera begira antolatzeko asmoa dugu". 2008. urtean sortu zen Zezen Beltz eta "sokamuturra, kaleko zezena eta zezen giroa sustatzeko" lan egiten dutela diote. Informazio gehiago eskuratzeko Zezen Beltz elkarteko webgunea kontsultatu. Egitaraua Urriak 25, larunbata - 12:30ean: Sokamutur txikia, Alde Zaharrean. Ondoren zezen txikiak eta pottokak. - 17:00etan: Grand Prix ikuskizuna, Azpeitiko zezen plazan. Bukaeran, haurrentzako boladun zezenak egongo dira. Urriak 26, igandea - 12:30ean: Sokamutur txikia, Alde Zaharrean. Ondoren zezen txikiak eta pottokak. Ordu berean, musikaz alaitutako txahal saiheski eta oilasko erreketa eta dastaketa plazan. - 17:00etan: Boladun zezenak, Hartzubia kalean. Urriaren 23tik 26ra Azpeitiko sokamuturreko irudi zaharrak eta Zezen Beltz elkarteak antolatutako ekintzen argazkiak eta irudiak egongo dira ikusgai. Sanagustin Kulturgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide