Orioko EAJk sei lan talde sortu ditu oriotarren iritzi eta ekarpenak jasotzeko

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urriaren 17a

[caption id="attachment_113230" align="aligncenter" width="300"]Orioko EAJko alkategai Joxe Angel Zaldua. (Iturria: Orioko EAJ) Orioko EAJko alkategai Joxe Angel Zaldua. (Iturria: Orioko EAJ)[/caption] Orioko EAJk herritarren ekarpenak jaso nahi ditu eta horretarako oriotarrek egunerokotasunean eta herriaren etorkizunari begira dituzten kezkak eta iritziak jasotzeko sei lan talde osatu ditu. EAJko alkategai Joxe Angel Zalduaren esanetan, "adituen eta teknikarien ikuspuntuetatik haratago" herritarren iritziak jaso nahi dituzte. "Gure lehentasuna pertsonak dira eta pertsonen partaidetzan sinesten dugu, hori baita etorkizuneko udal proiektuak ondo definitzeko giltza. Ezin da gobernu programa osatu herritarren iritzia kontutan hartu gabe". Lan talde bakoitzak esparru jakin bat jorratuko du. Zaldua bera arduratuko da Gobernu Onaren taldea kudeatzeaz; Noemi Ostolazak ongizateari lotutako gaiak jorratuko dituen batzordea gidatuko du; turismoa, merkataritza, ekonomia, arrantza eta nekazaritza arloko gaietan Martxiel Genova arituko da. Iñaki Lertxundi izango da hirigintza, obra eta zerbitzuen inguruko gogoetak jasoko dituena; Fernando Aranbarrik euskara eta hezkuntza taldeak kudeatuko ditu eta kirola eta gazteria atalez Ainhoa Usandizaga arduratuko da. Ildo horretan, Zalduak dagoeneko hainbat bilera egin ditu ekonomia, hezkuntza eta gizarte eragileekin. Alkategaiaren iritziz, EAJk parte hartzea sustatzeko urrats nabarmena eman du, "udal politikagintza batez ere kale mailan gauzatu behar dela" uste dutelako. Horregatik, herritarrak ekarpen eta iradokizunak egitera gonbidatu ditu EAJk, lan taldeetan parte hartuz edo eaj-pnv@gmail.com helbidera idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide