"Eskualde mailako erantzuna" emango diete hondakinen aferari

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko urriaren 17a

[caption id="attachment_113261" align="aligncenter" width="300"]Ezkerretik hasita, Goenaga, Guruzeta, Agirrezabalaga, Agirre, Illarramendi eta Intxaurrandieta. Ezkerretik hasita, Goenaga, Gurutzeta, Agirrezabalaga, Agirre, Illarramendi eta Intxaurrandieta.[/caption] Zumaian emango dute lehenbiziko pausoa, urte amaierarako, eta ondoren Zarautzen. Gero etorriko dira gainontzeko herriak: Aia, Getaria eta Orio. "Gradualki" egingo dute, "eskualde mailako erantzuna" emanez hondakinen aferari. "Aldaketa traumatikorik" gabe. Egungo hondakinen bilketa sistemak  hobetuko dituzte, eta horretarako kontrola areagotuko dute. "Ez da aldatuko sistema; horietan oinarrituta, etengabeko hobekuntzak egingo ditugu", argitu dute gaur goizean Urola Kostako Udal Elkartean egindako bileran. Bertan izan dira, Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioko lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta; Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Gurutzeta; Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendi; Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalaga;  Mikel Goenaga eta Maitane Agirre Zarauzko eta Zumaiako zinegotziak, hurrenez hurren. Hondakin mahaietan markatutako irizpideak jarraituko dituzte, eta eskualdeko ikuspegia eman, Agirrezabalagak adierazi duenez. Zumaian, aurrez iragarri bezala, txip bidezko sistema ezarriko dute. Batez ere, errefusa eta organikoaren edukiontzietan. Aurrerago emango dituzte horren inguruko zehaztasun gehiago. Datozen asteetan mahai politiko-tekniko bat ere osatuko dute hori guztia koordinatu eta hobekuntza horiei jarraipean egiteko. Bilketa tasetan ehuneko altuagoak lortzea da helburua. Illarramendik esan du Urteta ixteak bultzatuko duela hondakinak are gehiago murrizte hori. Atzo iragarri zuen Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok Zarauzko zabortegia abenduaren 23an itxiko dutela. Zentzu horretan, egun horretatik aurrera ez da "hondakin gramo bat bera ere" isuriko bertara. Itxiera prozesua "luzea" dela ohartarazi du Intxaurrandietak, ordea: "Ezinezkoa da zabortegia itxi eta egun bertan zabortegia zigilatzea. Milaka tona hondakin daude bertan, eta horrek asentatu egin behar du zigilatu aurretik". Hainbat fase izango du itxiera prozesu horrek, behin hondakinak egonkortu ondoren. Prozesu "luzea" Hori ixteko behin-behineko proiektua dute orain eskuartean. Eusko Jaurlaritzara bideratuko dute hori, eta bertan Ingurumen Saileko teknikariek ingurumena babesteko gomendioak gehituko dizkiete. Proiektua horiekin osatu, eta berriz ere Jaurlaritzara bideratuko dute, horren adostasuna lortzeko. Orduan hasiko lukete zigilatze prozesua. Horrek guztiak bizpahiru urte iraungo du. Proiektua onartu ondoren, eta sei-zazpi urteren buruan behin betiko Urteta itxi eta gero,  30 urtez kudeatu beharko dira bertatik ateratako gasak eta lixibiatuak. "Hori da adierazleetako bat egungo  eredua ez dela geurea esateko",  nabarmendu du Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioko lehendakariak:  "Astakeria bat da. Orain arte etxean hondakinak nahasi ditugu poltsa berean eta hala bota ditugu edukiontzietara. Eta halako mendi zulo bat kutsatu dugu. 46-47 urtez. Horregatik, zorrotz jokatu beharra daukagu". Abenduaren 23an Urteta itxi eta gero, lur kapa bat botako dute bertan pilatutako hondakinen gainean, gasak ateratzea ekiditeko. Egun horretatik aurrera, Azpeitiko Lapatxen eta Bergarako Sasietan jasoko dituzte ordura arte Zarautzera bideratzen ziren hondakinak. Gurutzetak jakinarazi du eskualdeko bost herrietako, San Markoko eta Txingudiko hondakinak hartzen dituela egun Urtetak. Guztira, 94.000 tona urteko; 76.000 tona San Marko eta Txinguditik eta 18 tona eskualdetik, urteko. 170.000 tona hondakin Urteta ixteko baldintza batzuk bete dira, Intxaurrandietaren arabera: hain zuzen,  birziklatze tasak Gipuzkoan "asko" egin duela gora. "Herri asko dago  Gipuzkoan %80-85eko birziklapen tasa lortu dutenak. Horrek ahalbidetzen du. Aurten urtea amaituko dugu 170.000 hondakin tonarekin. Astakeria ikaragarria da, bai, baina gatoz 220.000 tonatik. Orduan, horri esker itxi ahalko da Urteta abenduaren 23an, Lapatx 2015eko apirilean, eta azkenik Sasietakoa datorren urte amaieran, beste azpiegiturak martxan ditugunean". Gurutzetak gogoratu du azken urteotan hondakinak murrizteko hainbat pauso eman dela Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian, eta ematen jarraituko dutela. Besteak beste, Agenda 21aren barruan eskoletan hainbat kanpaina egin da; Ontziratu zaitez kanpaina; beira eta ontzi arinen ingurukoa udan; bost herrietan edukiontziak hustu eta aztertu edukia; auzokonpostaje kanpainak; errefusaren edukiontziak murriztu eta organikoarenak areagotu dituzte eta Aian eta Getarian hondakin arriskutsuak birziklatzeko etxolak jarri dituzte. Urte bukaera baino lehen, gainera, zenbait berrikuntza egingo dute. Arropa jasotzeko edukiontziei aho gehiago jarriko dizkiete eta etxeko elektrogailu txikiak biltzeko edukiontziak jarriko dituzte herri guztietan. Era berean, eskualdeko hiru Garbiguneen—Aia-Orio, Zarautz eta Zumaia— kanpoaldean arraindegietako hondakinak bereizteko kamera frigorifiko bat jarriko dute. Sektore horretako profesionalei giltza bat emango zaie bertan materia organikoa utzi ahal izateko. Halaber ostalari, merkatari eta enpresei bilketa zuzena egingo zaie. "Etengabeko hobekuntza prozesuan gaude. Oraindik emaitza hobeak lor ditzakegu. Horregatik, pausoak ematen jarraituko dugu", gaineratu du Gurutzetak. %70eko birziklapen tasara heltzea da asmoa.      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide