Azaro amaieran hasiko dituzte Lasaoko auzo lokal berriko lanak

admin 2014ko urriaren 17a

Lasaoko bizilagunen azken urteetako eskaerari irtenbidea emango dion akordioa sinatu berri dute Azpeitiko eta Zestoako udalek. Joan den irailaren 18an Lasaoko elkarterako erabilgarria izango den aurrez fabrikatutako pabilioi bat erosi eta finantzatzeko hitzarmena sinatu zuten bi udalek. Leire Etxeberria Zestoako alkateak horren berri Zestoako azken udalbatzarrean eman zuen, irailaren 25ean. Orduan Zestoako udaleko ordezkari guztiek aho batez onartu zuten. Hitzarmenaren berri emateko, bi udaletako ordezkariak lasaotarrekin bildu ziren bilera informatibo batean. Biltoki berria egiteko lanak azaro amaieran hasiko dituzte, eta Lasaoko haurren parkearen ondoan jarriko dute. Izan ere, auzoak jabetzan duen lur zati bakarra da. Leire Etxeberria Zestoako alkateak azken udalbatzarrean azaldu zuenez, Lasaokoek ez dute elkarrekin egoteko eta aisialdirako ekipamendurik. Esaterako, Azpeitian 2014ko aurrekontu parte-hartzaileak osatzeko egindako dinamiketan, Lasaoko auzotarrek elkargune bat izateko aukera eskatu zuten. Lasaotarren eskaera horri erantzuna emateko, Zestoako Udalak Azpeitikoarekin hainbat bilera egin ditu. Lasaon aurrez fabrikatutako pabilioia jartzeko dirua lortzeko, diru laguntza bat eskatuko dute bi udalen artean. Bien izenean Azpeitiko Udalak eskatuko du laguntza Eusko Jaurlaritzaren EREIN 2014 Programan. Diru Laguntza horien bidez, besteak beste, landa guneetan egiten diren inbertsioak diruz laguntzen dira eta Lasaoko bilgunea jartzeko inbertsioa bi udalen artean ordainduko dute. Urte askotako «borroka» Mari Jose Azkue Lasaoko auzo alkateak HITZAri aitortu dioenez, oraingoz hitzarmena bakarrik dute, eta prosezua «oso luzea» izan da: «Pozik gaude, baina urte askotako borroka daramagu barnean». Lasaotarren auzo lokalaren gaia aspaldikoa da. Izan ere duela urte asko hasi ziren auzotarrentzako leku bat eskatzen. Azkuek azaldu duenez, Lasaon bertan dauden hainbat etxe auzo lokal bihurtzeko egindako negoziazioetan ez da traturik egon, eta aurrez fabrikatutako pabilioia egitearen aukera beti egon da hor: «Auzoan aprobetxatu daitezkeen lokal hutsak gotzaindiarenak dira, eta ezin izan dugu akordiorik lortu». Lasaoko auzo alkateak esan duenez, eraikina bi hilabetetan amaitzea aurreikusten da, eta lokalaren muntaketa 10-15 egunean egingo dela esan du. Eraikina Azpeitiko eta Zestoako udalek arautuko dute: «Bi herrietan dauden herri etxeekin batera, udalek gutxieneko arau batzuk jartzeko asmoa dute, eta lokalaren erabilerarako guztion artean adostutako arauak egongo dira». Auzo lokal hori herritarrak biltzeko eta bilerak eta kultur ekitaldiak egiteko gunea izango dela azaldu du Azkuek: «Sukalde bat ipintzea ere pentsatu dugu, baina batez ere, edozein ekintza egiteko lokala izatea nahi dugu. Izan ere, orain arte ez dugu izan bilerak egiteko gune finkorik, eta faltan bota dugu». Azkueren arabera, «auzoan atzetik datozen bi belaunaldi galtzen ari dira», eta hutsune handia dagoela sumatzen du: «Ez dute elkar ezagutzen; hori da arazorik handiena».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide