Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Teknologia eta lan sistema berriak txertatu ditu Gerdau enpresak Azkoitiko lantegian, ingurumena zaintzeko asmoz, eta azken urteetan milioi bat euro bideratu dituzte horretarako neurri berriak martxan jar ditzaten. «Garapen iraunkorra» bermatzeko asmoz, hiru ardatz nagusi izan dituzte neurriek: hain zuen, energia-eraginkortasuna hobetzen, hondakin gutxiago sortzen eta uraren erabilera optimizatzen lan egin dute.
Gas naturala gutxitu eta etekin energetikoa sustatzeko asmoz, laminazio labeetan hobekuntzak txertatu dituzte 2011. urteaz geroztik, teknologia berriekin energia aurrezteko egin zuten ikerketa batetik abiatuta. Besteak beste, 115.000 euro bideratu dituzte azpiegitura berrietara, eta horren eta lan egiteko sistema berrien eraginez, karbono dioxidoen emisioak «%11 jaitsi» dituzte.
Ura arrazionalizatzeko hainbat neurri abiatu dituztela jakinarazi du enpresak. Enpresa barruan ura gehiago berrerabiltzeko modua izan dute, eta horrek uraren kontsumoa erdira jaistea ahalbidetu die. «Horrek, gainera, urtean ibaitik 100.000 metro kubiko ur gutxiago hartzea eragiten du», gaineratu dute. Ekintza horien artean, araztegi berri bat erosteko 400.000 euro gastatu dituzte.
Horrez gain, urarekin funtzionatzen zuten aire egokituak gasezkoengatik ordezkatu dituzte, eta horretara beste 150.000 euro bideratu dituzte. Uraren sare osoan, bestetik, kontagailuak jarri dituzte, uraren kontsumoa kontrolatu eta «desbideratzeak» antzemateko.
Hondakinei dagokienez, lehen 27 kilo tona sortzen zuten, eta abian jarritako neurriei esker tonako hiru kilo gutxitzea lortu dute. Era berean, olioak banatzeko dekantagailua egokitu egin dute 350.000 euroko inbertsioaren bidez, eta horren eraginez olioen hondakinak murriztu egin ahal izan dituzte.