Eduardo Larrañaga, golf jokalaria: "Lorpen honi esker konturatu naiz txapelketak irabazi ditzakedala"

Aritz Mutiozabal 2014ko urr. 17a, 05:26

EDUARDO_LARRA_AGA[Sasoian.info] Alps Tour 2014 zirkuituko azkenaurreko proba irabazi zuen Eduardo Larrañaga (Zarautz, 1986) golf jokalariak asteburuan, Frantziako Pont-Royal zelaian. Lehen eguneko erakustaldi bikainari esker, txapelketaren buruan kokatu zen hasieratik bukaeraraino. Garaipenak konfiantza eman dio, eta gaurtik igandea bitartean guztia emango du Abruzzoko Irekian (Italia). Zirkuituko azken proba da hura. Frantziakoa izan al da zure ibilbide profesionaleko lorpenik handiena? Inportanteena da momentuz, bai. Iaz Euskadiko Txapelketa irabazi nuen, baina hura bi egunetan jokatu genuen, eta oraingoa, berriz, lau egunetan. Alde horretatik, konplexuagoa da eta, ondorioz, garrantzitsuagoa. Kontuan izan behar da, gainera, nazioarteko txapelketa bat zela, Alps Tour zirkuitukoa. Italiarrek, frantsesek, espainiarrek, belgikarrek... golf jokalari ugarik hartzen du parte, eta maila handia dago. Esan genezake Europa mailan jokatzen den profesionaletako hirugarren mailako zirkuitua dela; lehena European Tour da, eta bigarrena Challenge Tour. Masters 13 txapelketan hasieratik bukaeraraino agindu zenuen, lau egunetan buruan izanda. Normalean zirkuituko proba gehienak hiru errondatara jokatzen dira, hiru egunetan, baina Frantziako proba honetan sari ekonomiko handiagoak zeudenez, lau egunetara jokatu zen. Lehen erronda edo itzulia bikaina atera zitzaidan, 65 kolpetan osatu bainuen; hau da, zazpi kolpe par azpitik. Zelaia zaila zen, eta horren kolpe gutxirekin osatzea, egia esan, oso ongi dago. Oker ez banago, txapelketako itzulirik onena izan zen. Abantailaz baliatuta eta erregulartasuna mantenduta, txapelketa etxera, ezta? Hala da, bai. Lehen egunetik lauzpabost kolpeko abantaila atera nien gainerako lehiakideei, eta horri ezker, txapelketa hasieratik bukaeraraino lidergoan kokatu nintzen. Espero al zenuen irabaztea? Aurrez jokatutako txapelketak ez zaizkit nahi bezala atera. Urtea nahiko txarra izan da, eta nahiko gaizki sentitzen nintzen. Baina golfean inoiz ez dakizu zer gertatuko den, gauzak etengabe aldatzen baitira. Konfiantza gutxirekin ekin nion Frantziako probari, baina lehen eguneko joko bikainak asko motibatu ninduen. Konfiantza berreskuratzen joan nintzen, eta azkenean irabaztea lortu nuen. Estreinako aldia al duzu Alps Tour zirkuituan? Ez, aurtengoa nire bigarren urtea da zirkuituan. Garaipena lortuta, jada iaz baino hobeto bukatuko dut aurten sailkapenean. Aurretik 90. postuan nengoen kokatuta, eta orain 28. posturaino igo naiz. Garaipen batekin berehala igotzen zara zerrendan. Garaipenak hor goian egon zaitezkeela sinesten lagunduko al dizu? Nik uste dut baietz. Lorpen honi esker jabetu naiz txapelketak irabazi ditzakedala. Konfiantza handia hartu dut, eta bide horretatik jarraitu behar dut aurrerantzean. Eta asteburu honetan, gaurtik igandera, Italian jokatuko duzue zirkuituko azken proba. Asteazkenean abiatu nintzen hara; Erromatik pare bat ordutara dagoen toki batean jokatuko dugu, Abruzzoko Irekian. Honako hau hiru egunetan jokatuko da, eta ni motibatuta nago. Akaso, faboritoetako bat bezala aurkeztuko zara? Ez, ez dut nire burua faboritotzat jotzen. Hala ere, orain beste lehiakideek badakite ni neu ere hor nagoela eta irabazi dezakedala. Ni dena ematera joango naiz, dudarik gabe. Sailkapen orokorrean lehen 25en artean bukatuko banu, emaitza benetan ona izango litzateke. Iaz 48. postuan bukatu nuen, beraz, jada hobetu dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide