Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urteta zabortegian izan da gaur eguerdian Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, eta bertan eman du albistea: abenduaren 23an itxiko dute zabortegi hori. Badu, beraz, itxiera data zehatza zabortegiaren 40 urte inguruko aro horrek. Hemendik bi hilabetetik aurrera ez dute hondakin gehiago botako bertara. Era berean, Garitanok berretsi du Azpeitiko Lapatx eta Beasaingo Sasieta hurrengo urtean itxiko dituztela. Udaberrian lehenbizikoa, eta ondoren, bestea.
Aldundiak hondakinak kudeatzeko estrategia «integral, iraunkor eta garbia» du. «Horregatik ez dugu Zubietan errauste plantarik egingo. Horregatik Zubietan Tratamendu Mekaniko-Biologikorako Planta eraikiko dugu, eta Bergaran ari gara konpostaje plan bat egiten», nabarmendu du ahaldun nagusiak.
Gipuzkoan «ez da ezer toxikorik erreko», eta horretarako itxiko dituzte hiru zabortegiak. «Hori da gure eredua, eta gaur egun munduan dagoen teknologia aurrerakoienekin ari gara egiten».
Garitano beste hainbat agintari eta ordezkarirekin izan da gaur Zarautzen: aldundiko beste ordezkari batzuekin—tartean, Iñaki Errazkin Ingurumen diputatua eta Ainhoa Iraola Ingurumeneko zuzendaria, besteak beste—; Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Ainhoa Intxaurrandietarekin; Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzetarekin; eta Zarauzko udal ordezkariekin, besteak beste Juan Luis Illarramendi alkatearekin.
Komunikabideen aurrean agerraldia egin ondoren, Urtetako bizilagunekin egon dira ordezkari politikoak. Aurrez, Zarauzko alkateak adierazi du bertako auzotarrak «gustura» daudela Urteta behin betiko itxiko dutelako. Izan ere, ia 40 urte baino gehiagoan jasan behar izan dute zabortegiaren eragina etxetik gertu.
Herritar ororentzat «albiste pozgarria» dela gogoratu du Illarramendik. «Herriak poza hartu du itxiera honekin. Eta zabortegi bat ixtea pauso garrantzitsua da hondakinen kudeaketan ere». Illarramendiren arabera, aldundiaren plan horrekin «beste eredu bat» jarri da mahai gainean, eta eredu hori bete egingo da: «Zarauztarrontzat albiste oso pozgarria da gaurkoa».
Herriko erradiografia
Herritarrekin herrira egitasmoaren barruan, egun osoko bisita egin dute Garitanok eta aldundiko beste zenbait ordezkarik Zarautzen. Aurrez, hainbat herritan izan dira horiek, bakoitzeko erradiografia egite aldera. Eta asmo berarekin izan dira gaur udalerrian ere. «Informazio asko jasotzen dugu diputazioan, baina interesgarria da informazio hori guztia prozesatzeaz gainera, herri osoko argazki bat ateratzea, bertatik jasoz bertako informazioa», adierazi du Garitanok.
Horretarako, «jende askorekin» egotekoa da gaur, haien galderak erantzunez eta haiei galderak ere eginez. Udal langileekin bildu dira goizean; eguerdian Urtetako bizilagunekin eta enpresa mundukoekin; kultura eta turismo alorrekoekin arratsaldean, ondoren kirol munduko eragileekin, eta eguna borobiltzeko, herritarrekin bilera ireki bat egingo dute.