Hasi dira Azpeitiko plaza eraberritzeko lanak

admin 2014ko urriaren 16a

IMG_9955 Aste honetan hasi dira Azpeitiko plaza eraberritzeko eta oinezkotzeko lanak. Aritz Epelde, Zerbitzu Orokorretako zinegotziak adierazi duenez, plaza berritzea "ezinbestekoa" dela pentsatzen du udalak. Ekainean herri galdeketa egin zen herrian eta bertako emaitzen arabera, azpeitiarrek plaza oinezkotua eta kioskoa mantentzea erabaki zuten eta Irudika estudioak proposatutako proiektuak irabazi zuen. Galdeketako emaitzak ezagutu ondoren, udalak Jarraipen Batzorde bat egin zuen "herritarren errealitatera" egokitzen den proiektua eratzeko. Irabazi zuen proposamenaren arabera, plazak adokinak izan behar zituen, baina Jarraipen Batzorde horretan,"pertsona helduei eta ezinduei sortzen dizkien irrisgarritasun arazoak direla eta" gaur egun herriko alde zaharrean dauden adokinak plazan eta Goiko kalean ez jartzea erabaki zen. Epelde zinegotziak esan duenez, udal teknikarien gomendioak jarraituz, galdeketako bi lehenengo proiektuek uztartzen dituen irtenbidea aurkitu da: kioskoaren inguruan, adokin itxura duten harri losa txikiak eta lauak jarriko dituzte eta plazako ertzetan, berriz, harri losa handiagoak. Proiektua finkatu ondoren, plazako lanak egiteko ardura Altuna y Uria eman zaio. Zerbitzu Orokorretako zinegotziak dioenez, plazako obrak zortzi hilabete iraungo dute, 2015eko ekaina hasierarako amaitzea aurreikusten dute. Plaza eraberritzeko lanak 730.000 euroko aurrekontua du eta kopuru horretako 100.000 euro, Ur Kontsorzioak ordainduko ditu, plazako ur instalazioetan ere aldaketak egingo dituztelako. Plaza eraberritzeko lanak, bi fasetan egingo dituzte: obren lehenengo atala hasiberri dute, plaza azpiko hoditeri guztia aldatzeko lanekin. Udalak dioenez, lan hauek San Sebastian jaietarako amaituta egongo dira. Santo Tomas egunerako, berriz, plazako lurra hormigoi lauarekin egotea aurreikusten dute, beraz jai horretarako postua plazan jartzeko "ez da arazorik egongo". Bigarrengo fasea, Gabonetako jaien ondoren hasiko dute, lurzoru berria San Sebastian jaien ondoren jarriko dute. Aritz Epeldek esan duenez, Inauterietako sokamuturrari eragin diezaioke lurra berritzeko lanak. Aparkalekuetan aldaketak Obra hauek herritarrengan eragingo dituen "eragozpenak" eta "oztopoak" udalak kontuan izan dituela esan du Aritz Epelde zinegotziak. Horregatik, udalak hainbat arazori irtenbidea emateko neurriak hartu ditu. Plazako obrak irauten duten bitartean, bertan aparkatzerik ez da egongo. Horren ordezko aparkalekuak "ahalik eta azkarren" egingo dituzte, Olazko Andre Mariaren Plaza eta Artetxenekoaren aurrean dagoen Alberdi Etxea botata. Astearteroko azoka Berritze lanak, astearteroko azokan ere eragingo du. Azokako postuak Done Jakue kalean jarriko dira. Baina ondorioz, asteartetan Done Jakue kaleko aparkalekuak galdu egingo dira. Hori dela eta, Soreasuko aparkalekuan doan aparkatzeko aukera egongo da astelehenetako 17:00etatik astearteko 10:00etara. Denbora hori igaro ondoren, ohiko tarifa ordaindu beharko da (Soreasuko aparkalekuan autoa bost orduz doan eduki daiteke). Epeldek dioenez, San Tomas egunerako plazako instalazio guztia eginda eta hormigoia botata egongo da. San Sebastian jaien ondoren, adokinak jartzen hasiko dira. Kioskoaren lanen inguruan, udalak "azken pausuak" zehaztu gabe dituela esan du. Azken erabaki hauek hartu ondoren, proiektua aurrera eramateko lehiaketa aurkeztuko dute. Herritarrekin bilerak Udala lanak "gehien eragingo" dieten talde eta eragileekin bilduko da, obren inguruko azalpen guztiak eman ahal izateko. Dagoeneko bildu dira Alde Zaharreko merkatari eta dendariekin eta hurrengo egunetan bestelako eragileekin biltzeko asmoa du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide