Iosu Txapartegi 'Txapas': "Porrotxek erakutsi dit ederra dela herrigintzan jardutea"

Nerea Uranga 2014ko urr. 16a, 05:39

IOSU_TXAPARTEGI__TXAPAS__Ondo bizi dela dio Iosu Txapartegi Txapas-ek (Zarautz, 1946). Urte askoan Zarauzko Ikastolan irakasle aritutakoa da, baina duela sei-zazpi urtetik erretiroa hartuta dago. Hala ere, ez dio utzi umeei kantuak eta musika erakusteari. Aiako eskolako haurrekin kantuan aritu ostean hartu du UROLA KOSTAKO HITZA. Elkarrizketa bukatu orduko, Zarauzko Ikastolan piano eskolak ematera doa. Baina, kantuari eta herrigintzari lotutako bere gaur egungo jarduna ez da hor bukatzen: Zarauzko Montetxio koroa zuzentzen du, baita Lasarte-Oriako Xumela abesbatza ere. Bi koroetako lagunekin Pirritx, Porrotx eta Marimototsen disko berrian parte hartu du. Pailazoekin asko ibiltzen da batetik bestera, eta diskoan berari eskainitako kantu bat ere jaso dute. Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen disko berria grabatzen jardun duzu. Tartean bada zuri eskaini dizuten kanta bat. Zer diozu horretaz? Eskertu behar dudan gauza bat da, lagunek egiten didaten opari bat. Letra Andoni Egañak egin du eta musika Xabier Zabalak, dena etxean eta kategoriko jendearekin egin da, eta oso gustura nago. Ez merezi nuelako, ni bezala inguruko jendeak ere merezi du eta, neu hasi beharko naiz inguruko jendeari kantuak egiten. Baina, oso pozik nago, sentitzen dudalako beraiek ere maite nautela. Pedagogi arloan, herrigintzan eta sudurgorriekin lan asko egin duzulako egin omen dizue kanta, hala esan dute. Niretzako zorte handia izan da Joxemari Porrotx ezagutzea. Orain 10-15 urte ezagutu genuen elkar, eta berak erakutsi dit herrigintzan jardutea izan dezakegun gauzarik ederrena dela, eta beti haiei laguntzeko prest nago. Nola ezagutu zenuten elkar? Ez dakit nola izan zen. Baina, orain dela urte asko Joxemarik   komentatu zidan Lasarten koro bat sortu nahi zutela. Eta nik esan nion: «Bilatzen badituk hogei bat lagun, Lasartera joango nauk». Eta, orain, Lasarten 60 lagunetik gora gaude, elkartzeko ere ia lekurik ez daukagu. Lau ahotsetara aritzen gara, bromarik gabe, ordubetez astero-astero. Lasarte-Oriako Xumela abesbatza zuzentzen duzu, baina baita Zarauzko Montetxio ere. Bai, hor ere bagabiltza 40 lagun. Koro horrek 20 bat urte badaramazki lanean; ez gara ezagunak, baina badira urteak. Zein helburu ditu Montetxiok? Herrigintzan kantugintza dena galtzen ari zen. Horregatik, fundamentu pixka batekin astero elkartuz eta gutxieneko bat jarriz hasi ginen. Elkartzeko eguna aukeratzea asko kostatu zitzaigun, bain aegun egokia aukeratu genuela uste dut: ostiralero ordubete egiten ditugu. Konpromisoa astero ordubetekoa da, eta gero nahi duenak txikiteoa egiten du eta ez duenak nahi ez. Euskal kantak bakarrik kantatzen al dituzue? Hemen elizak mantendu du kantugintza, ahots desberdinetara eta. Baina, gaur egun elizako koroetan jende aldetik arazoak daude. Herriko koroak ere jaio dira, baina herriko abesbatzetan ere oso kanta tradizionalak kantatzen ziren, eta horrek ez zuen gehiegi katigatzen. Guk kantagintza pixka bat Xabier Leteraino ekarri dugu. Guk sentitzen ditugun kantak gaurkotu ditugu. Baina, hori ere aldatu egin da, eta horiek dagoeneko atzoko kantak dira. Gaur gazteek zer kantatzen dute? Kantatzea nahi dutenean lehengoko kantak abesten dituzte. Talde moderno hauen kantek atzetik gitarra elektrikoaren eta bateriaren laguntza eskatzen dute, eta orduan ez dira jaiotzen. Guk gure garaia pixka bat eguneratu egin dugu, baina ez dakit aurrera begira nola izango den hori. Kantak atzeko laguntza errazarekin jaio behar du, eskusoinu bat bale, baina zuk ezin duzu gitarra elektriko bat eta bateria eduki edozein momentutan, afarietan eta. Orduan, hor arazoak daude. Arazoak, belaunaldien arteko transmisioa egoteko, esan nahi duzu? Hori da. Jendeak kantatzeko gogoa daukanean, Kalean gora, kalean behera eta horrelako kanta ezagunak, betikoak, kantatzen hasten da. Baina, horrek, denborarekin gastatzen joateko arriskua dauka. Hor ez dakit nola, baina lan bat egin behar da. Guk egin duguna Lete, Laboa... eguneratzea izan da. Horraino iritsi gara. Ostiraletan elkartzen zarete Montetxiokoak kantatzeko, baina jendaurreko saiorik egiten al duzue? Ausartzen gara batzuetan. Bermeora joan ginen batean. Izugarrizko arrakasta edukitzen dugu horrelakoetan, gure moduko jendea joaten delako entzutera. Joan den maiatzean Kataluniara ere joan zineten abestera Montetxiokoak eta Xumelakoak. Zer moduz? Hondarribiko Olagarroko lagunak ere gurekin joan ziren; ehundik gora lagun joan ginen. Euskal kantak kantatu genituen han, eta  bereziki prestatu genituen bi kanta katalanez. Negarrez jartzen genituen kataluniarrak. Eta, Zarautzen bertan, jendaurrean abestu al duzue? Herrian bertan edozein momentutan ateratzen gara kalera kantura. Baina, elizetan eta halako tokietan kontzerturik ez dugu ematen. Herrikoiak gara, baina lau ahotsetara kantatzen ditugu kantak. Herrikoi izaerari puntu bat eransten diogu, hori da guk nahi duguna: herritarrak gara  eta, gutxieneko ahalegin bat eginez, beti emaitza hobetuz joan nahi dugu. Baina, denbora askoan entseatzen duten koro on horietakoa izatea ez da gure asmoa, hori beste gauza bat da. Montetxion 40 lagun zarete. Jendea gehitzen joan al da? Gehitzen joan da, bai. Lasartekoa izugarria da, astero 60 pertsona elkartzen gara eta aste honetan bertan bi pertsona berri gehitu dira. Zarauzkoan ere beste bi berriren zain nago. Hori ona da, ezta? Bai. Ni jendearen bila ibiltzen naiz; kantari berri bat lortzeko hiru edo lau urtean lata ematen jardun behar da. Gero, denbora hori pasatutakoan ez dakit zergatik, baina animatu egiten dira. Gustura nago koroetan jendearekin gabiltzalako. Lehen ere Zarauzko Ikastolan musika irakasle aritutakoa zara, ezta? Berez, 3 eta 6 urte bitarteko haurren irakasle aritu nintzen. Baina, behin, musika pixka bat sartzea proposatu zidaten ikastolan. Orduan, jolas denbora garaian ikastolako atarira atera eta han zeuden haurrei esan nien: «Kurrixka bat ateratzeko gai bazarete, musika irakasten hasiko naiz», eta, nik «bat, bi eta hiru!», eta izugarrizko garrasia atera zuten. Ahots ona zutela pentsatu, eta orduan musika irakasten hasi nintzen ikastolan. Erretiroa orain urte batzuk hartu zenuen, baina oraindik ere umeei musika erakusten segitzen duzu. Nolatan? Aiako eskolara astean behin eta Zarauzko ikastolara astean lau aldiz joaten naiz kantatzera: txikiekin eta 5-7 urtekoekin aritzen naiz. Baina, horrez gain, pianoa erakustera ere joaten naiz ikastolara. Aurten pianoa ikasteko 45 umetik gora ditut. Ikastolan sei piano dauzkat: irakasleak gehiegi enteratu gabe sartu ditut, bestela ikastolatik bidaliko ninduten, eta beraz, ezkutuko plan bat izan da. Pianoak pixka bat ezkutuan bezala daude, jangelan eta hala. Izan ere, piano bat edo bi gutxi dira. Nondik lortu dituzu hainbeste piano? Opari bat, bigarren eskuko bat... horrelaxe, urteetan egindako bilduma da. Bat daukagu pixka bat dezentea, besteak nahikoa eskasak dira. Baina ikasteko balio dute. Eskusoinuarekin ere joaten al zara ikastolara? Bai, ostiraletan joaten naiz, Ostirala kantatzera haurrekin. Urte askoan egiten ari naiz, eta emozionantea ere bada. Aurrekoan, hiru urteko haur baten ama bat etorri zitzaidan negarrez: «Txapas, negarrez nago, orain dela 30 urte ni ere, nire alaba orain zurekin dabilen bezala ibiltzen nintzelako». Beraz, zenbat oroitzapen. Ama hori ekarri duzu gogora. Erretiroa hartuta, kanpotik nola ikusten duzu ikastola ingurua? Asko aldatzen ari da dena, gizartea bera izugarri aldatzen ari da. Baina, batzuetan, gurasoei buruz oso iritzi kritikoak entzuten ditut eta ez nago ados, ez, ez. Nik uste dut lehengoak bezalaxe, gaur egungo gurasoak ere beren umeak ahalik eta ondoen hezten saiatzen direla. Gurasoak kontziente dira zer aldaketa datozen, zer arrisku datozen eta zer aukera dauden. Lehen bezalaxe ikusten ditut, baina asmatu egin behar da. Borondatez, lehen bezalaxe da, gurasoek ahal duten onena ematen dute. Zer izan da zuretzako musika? Ni musikarekin oso aspertuta ibiltzen naiz, ni emozionatzeko musika batek oso berezia izan behar du. Gure kanta zaharretan badauzkat kanta batzuk oso maiteak; euskaldunok oso barnekoiak egin ditugu. Bestela, musika klasiko asko ez zaizkit gustatzen, baina Bach-en zati bat entzun eta esaten duzu: «Baina, jesusmaria! Hau nondik atera du gizon honek!». Musika asko dago bera gabe pasatu daitekeena, baina zorte handia da bakoitzak bere gustukoa aurkitutakoan. Zarautzen Imanol Urbieta maisu handi bat izan da. Berak egindako doinu batzuk zoragarriak dira, eta gustura transmititzen ditut horiek. Haurrekin kantatzerakoan gehie-nak Imanol Urbietarenak erabiltzen ditut. Hor altxor bat dago. Ez dakit beste eskoletan Imanol Urbietaren kantagintza erabiltzen duten, baina hor aberastasun izugarri bat dago. «Niretzako liburu bat lagun bat bezalakoa da. Asko ikasten dut liburuekin» Zarautzen kalean Iosu Txapartegi Txapas-ekin gurutzatu eta behin baino gehiagotan ikus daiteke eskuan liburu batekin. Berarentzat liburu bat lagun bat bezalakoa da, eta liburuetatik asko ikasten du: «Liburu bat irakurtzea lagunekin hitz egiten jardutea bezala da. Liburua idatzi duenak hitz egin balizu bezala; irakurtzen ari zarenean zu harekin ari zara. Nik asko ikasten dut liburuekin». Gaur egun «hain gaizki esanak diren» telebistako programekin asko ikasten ari dela dio: «Euskal Telebistan eta irratian egiten dituzten tertuliekin asko ikasten dut. Azken sei urtetatik hona oso jende ona ikusten dut hitz egiten eta asko ikasten dut. Espero ez diren gauzak entzuten ditut, eta oso gustura egoten naiz horiek entzuten».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide