Inma Peiro: "Itsasoan ere emakumeon lana ezkutukoa izan da"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urriaren 15a

Euskadiko Saregile eta Neskatilen Elkarteak ere landa eremuko emakumeen topaketan parte hartu zuen atzo. Bertako lehendakariorde Inma Peirok (Orio, 1965) itsasoko emakume langileen egoera azaldu zien bertaratu ziren emakumeei. Zergatik etorri zarete landa eremuko emakumeen topaketara? Orio herri arrantzalea izanda, gure esperientzia partekatzeko gonbidatu gaituzte. Beraiek landa eremuan eta guk itsas giroan lan egiten dugu, eta asko ikasi dezakegu elkarrengandik. Baserrikoek eta itsas arlokoek arazo antzekoak al dituzue? Baserrietan bezala, itsas munduan ere emakumeon lana ezkutukoa izan da, ezezaguna. Gu lanean ari gara pixkanaka hori gainditzeko, eta gaurkoan [atzo] aurkeztu duten proiektuak erakutsi du beraiek ere horretan ari direla. Hobekuntzak antzeman al dituzue bide horretan? Duela zortzi urte sortu genuen elkartea, eta gure lana gizarteratzeko eta lan balditzak hobetzeko urratsak eman ditugu. Erakundeetan eta gizartean gero eta ezagunagoak gara, eta zerbait eskatzen dugunean, gutxienez entzun egiten gaituzte. Ordea, horrek ez du esan nahi beti nahi duguna lortzen dugunik. Lan baldintzetan zein hobekuntza izan dituzue? Lonja berriak egin dizkigute eta kanpoan lan egin behar dugunerako karpak jarri dizkigute. Gainera, lehen aulkitxo batzuekin lan egiten genuen, orain berriz, aulki egokiagoak ditugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide