Landa eremuko emakumeen argia zabalduz

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urriaren 16a

"Uzta ona opa dizuegu gaurko egunean" esanez abiatu zuten atzo Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguneko topaketa. Goizean goizerako Orion ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik etorritako emakume baserritarrak. Autobusetan iritsi ziren adin desberdinetako emakumeak Orioko Herri Ikastolara; pozik eta gogotsu. Beren eguna ospatzeaz gain, urtero urriaren 15ean biltzen baitira harreman sarea sortzeko eta elkarrekin beharren inguruan hausnartu eta konponbideak bilatzeko. Batzuk baserritarrak, besteak abeltzainak, artisauak edo landa turismoan buru-belarri lanean ari direnak; adinekoak eta gazteak. Aniztasuna nagusi izan arren, elkarren berri jakin eta partekatzen dituzten arazoez hitz egin eta entzuteko prest izaten dira, uste baitute asko dutela ikasteko batzuek besteengandik. «Hemen gauden gehienok ondo dakigu zer den 06:00etan jaiki eta 01:00ak arte atsedenik ez hartzea. Emakumea, ama, langilea eta enpresariak gara 24 orduz». Beren egoera hobetzeko lan asko egin dute landa eremuko emakumeek azken urteetan, eta horregatik zorionak eman zizkien Emakundeko zuzendari Izaskun Lanbaidak ekitaldian.   «Landa eremuko emakumeak ikustaraztea eta gizartean duzuen presentzia eta pisua handitzea da orain erronka. Zuen bizimoduetan eragin zuzena duten erabakietan parte hartzeko eskubidea duzue, eta horretarako garrantzitsua da erabakiguneetarako bideak irekitzea». Ahalegin horretan elkarteak ezinbesteko tresna direla adierazi zuen Emakundeko zuzendariak: «Zeuen artean sareak sortu eta formazioa eta hezkuntza sustatu behar dituzue». Gainera, orain arte «ukatu» zaizkien eskubideen kontzientzia hartzea eta horiek aldarrikatzeko beldurrik ez izatea ere garrantzitsua dela azpimarratu zuen Lanbaidak. «Ez ahaztu landa eremuko emakumeak zaretela landa eremuko motorra. Beraz, dir-dir egin behar duzue». Argia proiektua Hain zuzen, gizartea landa eremuko emakumeen distiraz ohartarazi eta egiten duten lana errekonozitzeko asmoz sortu dute Landa eremuko emakumeak berezko dir-dirarekin. Argia proiektua. Atzoko ekitaldian Hitzez Elkarteko lehendakari Rosa Aramendi zarauztarrak aurkeztu zuen egitasmoa Landa Eremuko Emakumeen Batzordearen izenean. «Emakume guztion proiektua da Argia. Gutako bakoitzak asko eskaini dezake landa eremuaren garapenean, eta horretarako sortu dugu Argia, zuen ekarpenak bultzatzeko. Apaltasunean hezi gaituzte emakume baserritarrak, eta askotan gutxietsiak sentitu gara mundu hiritarraren aurrean. Hori gainditu behar dugu». Argia proiektuaren barruan bi bide zehaztu dituzte arduradunek. Alde batetik, emakumeen parte-hartzea sustatzeko, elkarteen lana zabaltzeko eta horien arteko harremana sendotzeko saioak egingo dituzte urtean zehar. Gainera, arduradunek nahi dute emakumeek ere parte hartzea eskualde bakoitzean 2014-2020 Landa Garapenerako Programak osatzeko antolatuko diren prozesu parte-hartzaileetan, landa eremuko emakumeen ahotsa entzun dadin. Bestetik, Argia proiektuaren barruan ikus-entzunezko bat egin dute landa eremuko hainbat emakumeren testigantzak jasoz, eta atzo aurkeztu zuten Orion estreinakoz. «Askotan iruditzen zaigu egiten dugunak ez duela baliorik, edonork egin dezakeela, baina gauza bera beste batek egiten duenean mirestu egiten dugu», azaldu du Aramendik. Zazpi emakume horiek erreferenteak bihurtu eta gainontzeko emakumeentzat «inspirazio iturri» izatea nahi dute. «Landa eremuko emakume bakoitzak eredu propioa dugu bizimodua eta lana uztartzeko. Berezko argia dugun emakumeak garela ohartu behar dugu, eta denon argia elkartzean ahalduntzen lagunduko gaituen indarra sortuko dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide