Javier Aramendi: "Ondoko aulkian eduki dut idazteko desioa, eta orain etorri egin da"

Aritz Mutiozabal 2014ko urriaren 16a

Opera prima. Lehen lana. Poema liburu batekin estreinatu da Zarauzko bizilagun Javier Aramendi (Madril, 1959), eta Erein argitaletxearen babesean, Verba polita eman berri du argitara. Gaur arratsaldean, 19:30ean, lagun artean aurkeztuko ditu bere poemak, Garoa liburu dendan. Aurretik literatur aldizkarietan argitaratuak zenituen testu solte batzuk, baina honakoa duzu zure estreinako lana. Hasieran, gazte orok egiten duen bezala, aldizkarietan eta sariketetan aurkezten nituen nire lanak. Gero, aldizkariak desagertu egiten dira eta saririk ere ez duzu jasotzen, eta bizitzak beste toki batzuetara eramaten zaitu. Hala ere, arra barruan daramazu. Irakurtzen duen oro idazteko zalea izaten da. Beraz, beti izan dut idazteko gogoa; izan ere, idatzi izan dut eta gero bertan behera utzi. Orain, nire poema batean esaten dudan bezala, ondoko kadiran dira ahantzitako desirak, hodeiertzari begira haizearen sarabandan. Nonbait, ondoko aulkian eduki dut idazteko desio hori, eta orain etorri egin da. Emaitzak Verba polita izenburua du. Berba V hizkiarekin, alegia. Nondik dator hori? Hitz joko bat da. Guztiok dakigu zer esan nahi duen izenburuak euskaraz, baina izatez latinez dago. Erretorika zaharrean erabiltzen zen terminoa da, eta hitzen formari ere erreparatu behar zaiola adierazteko balio du. Ez bakarrik neurriari edo erritmoari, baizik eta hitzen formari eta itxurari. Berez hitz leunduak esan nahi du. Idazleok egiten duguna da hizkuntza leundu eta hitzak bilatu, eta, alde horretatik, izenburu egokia zela iruditu zitzaidan. Azken finean, hitz jokoa eginez ezustekoa emateko. Kontzeptu hori oso presente dago zure poesian. Testuek badaute halako simetria bat, ezta? Ez denetan, baina egia da batzuetan zaintzen ditudala itxurak, banaketa espazialak eta hasiera-amaierak. Badirudi hitzekin jolas egiten duzula. Hori bilatu nahi izan al duzu liburua mamitzerakoan? Liburuaren hasieran Victor Hugoren aipamen bat erabiltzen dut, Pasaian lan, dantza eta kanta egiten dela dioena. Gero, zera gaineratzen du: batzuek egiten dutela lan, askok dantza eta denek kanta. Iruditu zitzaidan ongi islatzen zuela nire proposamena. Nire lanean denetarik dago: badira joko hutsak direnak, edo dantzak; besteak , alaiak eta umore askokoak dira, edo kantak; eta beste batzuek tonu serioa dute. Funtsean, azpian badaramate istorioren bat edo gairen bat, baina horiek adierazteko modu arin bat erabiltzen dut, hainbatetan umekeria diruditenak. Askotan hitzekin jolasten dugunean seinale ona da, hizkuntza osasuntsu dagoelako, eta ez dugulako mezu formaletarako bakarrik erabiltzen. Behartu gabe irakurtzen diren poesiak dira, musikaltasun handikoak. Oro har, narratiboak dira eta ideiak modu zuzenean adierazita daude. Euskarri moduan, gainera, erritmoa eta musikaltasuna hartzen dut, eta horrek ere laguntzen du. Nola egituratu duzu liburua? Lau atal nagusitan banatu dut. Adin honetan zure opera prima argitaratzen duzunean, beste idazleengan ohikoak diren hainbat etapa galdu dituzu. Hasieran, nerabe negarti horren poesia; gero, abangoardiazale amorratua bihurtzen da; hurrengo etapan, soziala; eta helduagoa denean, poesia intimistagoa. Aitzakia literario moduan hartu nuen hori guztia, eta planteatu nuen liburua nire lan guztien antologia balitz bezala. Beraz, lau atalak honako hauek dira: haurtzarokoak, nerabezarokoak, oraingoak eta zahartzarokoak. Antologia hipotetiko bat, nolabait ere. Erein argitaletxeko editore Iñaki Aldekoak adierazi du zure poesia «ludikoa eta alaia» dela. Haize berri bat al dakarkizu? Zirrikitu hori bete gabe zegoela esan daiteke, gaur egun originala izatea ezinezkoa baita. Baina, enfoke aldetik, bazegoen zirrikitu hori, eta hori baliatu dut nire lanean. Liburuaren kontrazalean agertzen den bezala, poesia batzuk lanera doaz, besteak dantzara, eta beste batzuk kantatzera. Azken finean, gu geu ere horrelakoak gara, eta hiru osagai horien artean oreka bat lortzen dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide