IRITZIA. Bostekoa. Jesus Mari Olaizola Txiliku
Hau idazten ari naizenean eguraldi ona dago, sekulakoa. Badakit, ordea, eguraldi onaren kontu hori aho txikiarekin esatekoa dela; niretzat ona dena txepela izan daiteke beste batentzat, eta aukeran hozkirria hirugarren batentzat. Eguraldiaz errepika genezake esaera zaharrak dioena: Zenbat buru, hainbat aburu, bakoitzak baitu bere parezera.
Dena dela, benetan harritu egiten nau azkenaldian jendeak eguraldiarekiko hartu duen joera. Egia da eguraldia beti izan dela hizpide, beti hitz egin izan dugu eguraldiaz, eta beti iruditu zaigu eguraldi madarikatu hori ez dela behin ere izaten guk nahi halakoa. Gure aurrekoek esan ohi zuten izugarrizko suertea zela eguraldiaren erabakizuna ez egotea gizakion eskuetan, bestela ordu bakoitzean hamaika eguraldi mota izango genituelako, eta inoiz inor ez zelako gustura egongo besteek aukeratutakoarekin.
Baina zer da eguraldi ona eta zer txarra? Seguru asko eguraldi txarra, berdotza edo zakurra definitzerakoan errazago konponduko ginateke; ia denok dugu eguraldi mota horren esperientzia (txarra), baina eguraldi ona zer den esaterakoan, konponduko ote ginateke? Zer da eguraldi ona?
Aurtengo udan behin baino gehiagotan txitxareak berotu zaizkit eguraldiaren iragarleek eta antzekoek eguraldi onaz duten iritzia ikusita. Badirudi zeruan bi laino baldin badira, edo termometroa ez bada hogeita hamar gradutara iristen, eguraldia ez dela «ona». Esan beharrean nago: ikuspegi hiritar eta udatiar horrek harridura handia eragiten digu eguzkiaren onena itzala dela pentsatzen dugunoi.
Badakit jendea amorratzen egoten dela larruazala eguzkipean jarri, beltzarandu eta gantzak urtzen orduak hondarraren gaineko arranparrillan egoteko, baina eguraldi ona hori al da, garunak urtzerainoko beroa eta zerua hodeirik gabea? Kostaldeko ertz honetan urtero 1.500 bat litro euri egin ditu (batez beste) azkeneko laurogei edo ehun urtetan, eta espero dezagun horrela jarraituko duela beste hainbestetan, gure lurralde honetan horixe baitagokigu hemengo klimaren arabera. Eta hala gertatzen ez bada, tentuz!
Tira, badakizue, euria egiteko lainoak behar dira, eta lainotua egotea ez da «eguraldi txarra». Gainera, eguzkia hartu nahi izanez gero, lainopean ere har daitekeela ez ahaztu. Lainotua dagoenean ere eguzki izpien zati handia (%40 dela esan ohi dute) iristen da lurrazaleraino, eta beltzarantzen du azala (gutxixeago, baina era osasuntsuagoan). Beraz, gutxiago begiratu zeruaren distirari eta onartu ez dela kokotean kanka! ematen duen eguzkirik behar eguraldia ona izateko. Garai batean orain baino madrildar gehiago etortzen ziren gure inguruetara, gauetan freskatu egiten zuelako eta eguraldi «ona» zelako, freskoa. Kendu burutik hogeita hamar graduak. Ez dira eguraldi onaren seinale. Ezta hego-haize zoroak ere. Eta oporretan eguzkia hartzeaz gain beste hainbat gauza ere egin daiteke, nahiz eta lainoturik egon.
Eguraldi kontuarekin esaera zahar asko daude euskaraz. Seinale aspalditik ahotik belarrirako ibilian dabilen kontua dela eguraldiarena. Horietako esaera batek hala dio: San Bartolomez gero, arbiak lurrean eta txaketa bizkarrean. Hau da, san Bartolome egunerako ereinda egon behar dutela arbi-haziek, eta freskatzen hasita egongo dela, eta hobe txaketa bizkarrean eramatea, badaezpada ere. Eta san Bartolome eguna abuztuaren 24an da!
Berriz errepikatuta ere, gaur sekulako eguraldia dago, nahiz eta hogei gradu besterik ez egin eta trumoi lainoak ibili hegotik iparrera paseatzen; babarrunak, gaztainak eta intxaurrak biltzeko nahiz mendi buelta bat egiteko sekulako eguraldia.