Bilduk hondakinen inguruan ez duela "ezer egin" salatu du Zarauzko PSE-EEk

Urola Kostako Hitza 2014ko urriaren 15a

[caption id="attachment_112959" align="aligncenter" width="300"]Iker Azpeitia (ezkerrean) eta Patxi Elola. Amaia Ventas Iker Azpeitia (ezkerrean) eta Patxi Elola. Amaia Ventas[/caption] Zarauzko PSE-EEk gogor salatu du Udal Gobernuaren eta Urola Kostako Udal Elkartearen jarduna hondakinen inguruan: "Ez dira ari esandakoak betetzen". Patxi Elola PSE-EEko bozeramaileak esan du ez direla gai gaiari heltzeko. Bera eta Iker Azpeitia izan dira Zarauzko Hondakinen Mahaiko ordezkaritako batzuk. Haien arabera, ZHMan "16 bilera egin eta ia urtebete lanean" jardun ostean,  hartutako "gutxiengo" erabakiak ez dute "ezertarako balio" izan: "Udal elkartetik kudeatu behar den kontua dela esan digute, eta Zarautzekin batera, beste herriekin komunean egin behar dela egin beharrekoa". Horregatik, baldintzak "hasieran" jarri behar direla nabarmendu du. Era berean, UKUEk hondakinen kudeaketan "ez gaitasuna" erakutsi duela kritikatu du Elolak. Azpeitiak sakondu du argudio horretan: "Zabortegia ixtea ez da giltzarrapo bat jartzea soilik". Haren arabera, oraindik ez dute esan nola itxiko duten zabortegia. Zarauzko PSE-EEk prozesu hori hasteko mozioa aurkeztu zuen otsailean, eta aho batez onartu zuen  Udalbatzak. "Bi hilabete falta dira Urteta ixteko eta ez dakigu nola egingo den hori, nahiz eta printzipioz dirua egon horretarako". Jakinarazi du funts bat sortu dela Urteta zigilatzeko prozesua ordaintzeko, baina funts hori elikatzeko aurten tasa "baxuegia" dela.  "Defizita egon da aurten diru jasoketan". Zigilatze prozesuak 3o urte iraungo du Azpeitiak adierazi duenez,  baina orain arte bildu duten  diruarekin 2026ra arte egin ahalko dela. "25 milioi falta dira 30 urte horiek osatzeko". Horrez gain, EH Bilduk funts horren zati bat  Zumaiako eta Zarauzko hondakin sisteman aldaketak egiteko erabili nahi du jakinarazi du. "Nola egingo da zigilatze prozesu hori?". Lixibiatu eta tranferentzi plantak Lixibiatuen planta bat ere eraiki behar dela gogoratu du Azpeitiak, "Europak eskatzen duen bezala". "Nork ordainduko du hori?". Esan du Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioa  hori ordaintzera konprometitu zela, baina orain ezetz esan duela. "Orduan seguraski lehen aipatutako funts horretatik hartu beharko da dirua hori ordaintzeko. Beraz, zabortegia itxi beharrean, beste kontutara bideratuko da dirua". Bestalde, transferentzia planta ere egin behar da. Hori oraindik ez dela egin dio, eta hori ere ordaindu behar dela. "Hiru urte igaro dira, eta Bilduk ez ditu hartu bere gain erantzukizunak", salatu du. "Dena airean dago; behintzat informaziorik ez digute ematen". "Herritarrak engainatzen" ari direla gaineratu du Elolak, eta "publizitate hutsa" egiten dutela "gardentasunaren kontra".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide