Erreakzioak 'Egunkaria'-ko auzi ekonomikoaren itxieraz

Urola Kostako Hitza 2014ko urriaren 15a

«11 urte pasa iraun du Egunkaria auziak», gogoratu du Enekoitz Esnaola Egunkaria-ko langile ohi eta egun Berria-ko langile azpeitiarrak. «Itxiera kasuan absoluzioa izan genuen, eta auzi ekonomikoan, artxiboa. Zigorrik ez auzitegietatik». Zigorra, ordea, estatuaren aldetik etorri dela dio: «Euskarazko egunkari bat itxita, atxilotuak, auzipetuak, epaituak, torturatuak... Produktu baten aurka egin zuen Espainiak». Baina, oroz gain, estatuak proiektu bat zuen jomuga Esnaolarentzat: euskal prentsa. Horrek, ordea, ez du proiektua itzaldu: «Egunkaria-rik ez dugu 2003ko otsailaren 20tik, baina proiektua bizirik daukagu. Segi dezala bizirik euskaldunon babesarekin eta ekarpenarekin». [caption id="attachment_112882" align="alignleft" width="300"]Atzo Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ebazpena ezagutu orduko ospatu zuten berria auzipetuek eta langileek; irudian, Iban Arregi Berria Taldeko kontseilari ordezkaria, Iñaki Uriarekin (Hodei Iruretagoiena/Berria) Atzo Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ebazpena ezagutu orduko ospatu zuten berria auzipetuek eta langileek; irudian, Iban Arregi Berria Taldeko kontseilari ordezkaria, Iñaki Uriarekin (Hodei Iruretagoiena/Berria)[/caption] «Berandu, beranduegi iritsi da epaia», Estitxu Elduaien kazetari azpeitiarraren esanetan. «Baina azkenean itxi da inoiz zabaldu behar ez zuten atea». Horregatik, «azkenean!» atera zaio ahotik Egunkaria-ko eta Berria-ko langile ohiari albistea irakurri eta segituan. «Lasaitua hartu dut, batik bat oraindik inputatua zeudenekin gogoratuta, eta lasaitua, neure historio propioan bizitako une latzenetarikoak zentzurik ez duela izan behingoagatik argi gelditu delako, halakorik sinetsi nahi ez dutenentzat ere, argi». Ezin du ahaztu, ordea, gertatutakoa, eta «kalte hori guztia egin dutenen inpunitateak» kezkatzen du orain, eta «torturak eta kalte zuzenak sufritu dituztenen kalte-ordainak falta» zaizkio: aitortza eta erreparazioa. Erasoak eraso, egoerari buelta eman eta aurrera egiteko izan duten ahalmenarekin gelditzen da Elduaien. «Langileok ez ezik, Euskal Herri osoak erakutsitako ahalmenarekin». Eskerrak eman dizkie bide luze horretan ondoan izan dituzten guztiei, eta «muxu eta besarkada bero bana azkenean inputazioa gainetik kendu ahal izan duten lankide ohi guztiei». Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Egunkaria-ko  abokatuaren ustez, «sintomatikoa da hainbeste urteetako sufrimenduaren ondoren poztu beharra izatea. Tamaina honetako injustiziaren aurrean pozik egon beharrean haserre gaudela adieraztea nahiko genuke. Ametsa gaiztoaz gain luzea izan da, eta horrek haserre bikoitza eragiten du». Azpeitiko alkatearen arabera,  «heldulekua aitzakian» bilatu dute, baina «zuria beltzaren gainean jarrita»: «Astakeria baten aurrean gaude, eragin politikoak sortutako beste auzi baten aurrean, eta euskararen eta gure herriaren aurkako eraso baten aurrean. Inongo deliturik egin ez duten herritarren kontrakoa». «Delitu bakarra» euskararen aldeko lana egitea izan da. Eta, «inoren sufrimendua gutxietsi gabe», errekonozimendua eskatu du. Etxeberriak dio ez dagoela «pozteko arrazoirik». «Haserre gaude eta horrelakorik berriro ezin du gertatu». Eta gaineratu du: «Aurrera begira egin dezagun guztiok hain beharrezkoa den euskarazko hedabide hau babesteko apustu sendoa, gure arima jokatzen dugu eta». «Egunkaria aurrera!» esaldiarekin auzipetuekin eta zarauztar guztiekin «bozkarioa partekatu» du Zarauzko Udalak. Kasua artxibatu izana «pozgarria» da erakundearentzat, bi arrazoigatik. Batetik, Uria herritarraren «zigorbideari amaiera» eman zaiolako.  «Uria torturatua eta kartzelaratua izan ostean, gerora errugabea dela aitortu da. Ez da bidezkoa, ez da zuzena, ez da etikoa izan Uriak eta gainerako auzipetuek pairatu behar izan dutena». Zentzu horretan, Txumai Iturria zarauztarra ere gogoratu nahi izan du Zarauzko Udalak; auzi horretan auzipetua izan zen hura ere. Bestetik, «hainbat euskal herritar torturatu eta kartzelaratzeaz gain», auzi horrek egunkari baten itxiera ekarri zuela oroitu du. «Horrek, erosle, harpidedun, irakurle eta euskal komunitate osoarengan ondorio erreparaezinak izan ditu; eta zer esanik ez, Egunkaria-ko kazetari, kolaboratzaile nahiz langile ziren beste zarauztarrentzat».Horregatik, eta aurrez egin duen moduan, udalak «babes guztia» adierazi die Uria, Iturria eta euren senitartekoei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide