Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko Udala hasi da 2015eko aurrekontuak lantzen, eta EAJk ere bere proposamena helarazi du. Mikel Zubizarreta Azkoitiko EAJko bozeramaileak jakinarazi duenez, lau irizpidetan oinarrituko da alderdia: herria garbi mantentzean, ekonomia sustatzean eta irisgarritasuna eta bizi kalitatea hobetzean.
Herria garbi mantentzeko, hondakinen kudeaketara bideratzen den diru partidak handitzea proposatu dute, edukiontzi inguruetan pilatzen den hondakinei aurre egin behar zaiola uste dutelako. «Ondo jasotzen al den kontrolatu, eta non dauden akatsak ikusi behar dira. Organikoaren bilketa handitu egingo da, eta horrek sor ditzakeen usainei eta bestelako arazoei konponbidea eman behar zaie». Umeen parkeak, kaleko eserlekuak eta zelai eta lorategiak ere «txukun» egotearen beharra azpimarratu du. Adierazi dute brigada ez dela iristen dituen betebehar guztietara, eta zenbait kasutan azpikontratatuetara jotzearen alde egin dute. «Batzuetan beharrezkoa da azpikontratatzea, herria txukun edukitzeko, eta horretarako partida bat jarri behar da».
Ekonomia sustatzeko, berriz, iazko proposamenei eutsi diete. Besteak beste, herriko langileak kontratatzen dituztenek edo herrian enpresa bat irekitzen dutenek diru laguntzak jaso ditzatela eskatu dute, horretara lagundu diezaieten. Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programa Azkoitira egokitu dezaten ere proposatu dute; hau da, hutsik dauden merkataritza guneak merkaturatu eta udalak horiek arautu ditzan nahi dute, merkatariei laguntzak eskainiz.
Irisgarritasuna hobetzeko, Floreaga auzoan igogailua jartzea «oinarrizkoa» dela deritzo EAJk, eta finantzaketaz informatzeko, Eusko Jaurlaritzarekin eta Getariako Udalarekin jarri dira harremanetan, azken honek oraintsu jarri duelako igogailu bat herrian. Era berean, eskatu dute udalak berreskuratzea Plaza Ondo jubilatu elkarteak orain bi urte Floreagako eta San Martingo bizilagunen irisgarritasun beharrez egindako dokumentuak, «lehentasunak zehazteko». Landa bideetako inbentarioa ere egin behar dela irizten diote, zer egoeratan dauden jakin eta diru partidak bideratzeko.
Bizi kalitatearen inguruan, San Joango iturria konpontzea eskatu dute, hura balioan jarri eta turismoan eragiteko. «Egun, utzita dago iturria, baina iturriak kalitateari dagokion katalogazio handia dauka. Obrak ez du kostu handirik, eta herriari izan handia emango lioke». Horrez gain, Elkarguneko etxabean Musikagunea egiten dutenean, egungo Musika Eskolako parketik hara umeen joan-etorria handitu egingo delakoan dira jeltzaleak, eta horren aurrean oinezkoak babesteko neurriak jar ditzatela eskatu dute. Umeentzako parke estali bat egitea eta kirol eta kultur elkarteei laguntzak igotzea ere nahi dute hurrengo urtean.
Udal tasa eta zergetan proposatu bezala, Alde Zaharra biziberritzeko hango bizilagunei laguntzak ematea ere proposatuko dute aurrekontuetan. Hain zuzen, obrak egin behar dituzten merkatari eta herritarrei diru laguntzak ematea eskatu dute, «ingurua hil baino lehen indartu dezagun».