Zumaiako Klarinete Maratoia berrikuntzekin dator aurten

Baleike 2014ko urriaren 15a

Oraindik hilabete falta da Zumaiako Klarinete Maratoiaren XIII. aldirako, baina hainbat berri aurreratu ditu Zumaiako Musika Bandak. Aurten ere Carlos Casado izango da irakaslea, baina zenbait berrikuntza ere izango dira. Batetik, Klarbira, Music & English ekimenarekin, musika eta ingelesa uztartzen dituen hainbat ekintza eta jolas erraz egingo dira haurrentzat, baita klarinetearen inguruan ere–ez da beharrezkoa instrumentua ezagutzea–. Nerea Alonso –musikaria eta Music Industry Management–, hizkuntzetan doktore Ibon Manterola eta ingeles filologian lizentziatu Esti Aranbarri arduratuko dira. Heldu zein gaztetxoentzat, klarinetearen teknika eta doinua erakutsiko ditu Casadok; eta teknologia berriak musikarako nola erabili azalduko du Jose Maria Bellok. Hitzaldi, tailer eta eskola praktikoak ere izango dira irakasle zein ikasleentzat. Erakusketak eta gaztetxoentzako laukote lehiaketa ere antolatuko dira. Weber eta Brahms-ek idatzitako klarinetea eta soka laukotearentzako obrak eskainiko dira, edo Victor Babin-en Hillande Waltzes. Ohiko bihurtu den Kafe Musikala ere bai. Egitarau osoa aurrerago zehaztuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide